Aimar Jabalera Juanena

«Gaur egun erremontearen egoera ez da lehengoa bezain ona»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 31a, 10:00

21 urteko Doneztebeko gazte kirolaria da Aimar Jabalera Juanena, eta bertze gauzen artean, futbolean aritzea eta erremontean jokatzea dira bere zaletasunak.

Lehen pilotakadak

13 urte ingururekin hasi zen Jabalera erremontean. «Udan laxoko gazte txapelketa izaten genuen, baina udan bakarrik aritzen ginen. Orduan, Doneztebeko erremonte eskolan hastea erabaki nuen laxoan behar den maneiua ez galtzeko eta hobea lortzeko. Horrela, ikasturtean erremontean aritzen nintzen eta udan laxoan». Gaur egun, profesionalki aritzen da; «18 urterekin Agoitzen egin nuen debuta, enpresa berri hau sortu zenean. Enpresaren lehendabiziko txapelketan parte hartu nuen».

Entrenamenduen garrantzia

Profesionaletan aritzeko maila izateko, entrenatzea ezinbertzekoa da. «Txapelketa batean gaudenean astean behin entrenatzen gara, partidak ortziraletan izaten ditugulako. Txapelketarik ez dugunean, berriz, astean bi aldiz entrenatzen gara». Entrenamendu bakoitzean «gutti goiti-beheiti ordu eta erdi aritzen gara entrenatzen».

Entrenamenduez gain, hainbat partidatan aritzeko aukera eman dio erremonteak, eta horrek momentu onak eta txarrak ekartzen ditu. «Orain arte bizi izan dudan momenturik onena azkeneko txapelketa izan zen. Txapelketa ederra egin genuen eta finalera ailegatu ginen, nahiz eta galdu egin genuen. Momenturik txarrenak, berriz, txapelketa bat hasi aitzinetik jokatuko duten bikoteen izenak jakitean ni haien artean ez egotea».

Kirolari eusten

Gaur egun, erremontearen egoera «lehengoa bezain ona ez dela» dio Jabalerak, «baina gu erremonteari eusten ari gara». Orain, «lehen baino partida guttiago jokatzen ditugu eta frontoietara jende guttiago etortzen da». Hori konpontzeko, «hoberena esku pilotan egiten duten bezala bi enpresak bata bertzearen kontra aritzea izanen litzateke».

Eskualdeko gazteak kirol hau probatzera animatu ditu; «Doneztebeko, Iruritako eta Agoizko erremonte eskoletan hainbat gazte aritzen dira eta kopurua goiti doa. Orain gure partiden aitzinetik gazteak aritzen dira».

Kirol berezia da erremontea, eta nahiz eta esku pilotaren antzekoa izan, «pilotari eskuarekin zuzenean eman beharrean, zestak erabiltzen ditugu. Gainera, erremontean pilotak esku pilotan baino abiadura handiagoa hartzen du».

Baloiari ostikoka ere trebea

Erremonteaz gain, futbolean ere aritzen da Jabalera; «aunitzez lehenago hasi nintzen futbolean, etxean beti izan dugu afizio handia eta ttikitatik aritu izan naiz». Beti Gazterekin hirugarren mailan aritu da azken denboraldian, «esperientzia latza izan da, pena da berriz jaitsi garelako baina hirugarren mailan aritzea izugarria da».

Futbol zelaian zein pilotalekuan «hagitz gustura» aritzen da eta ezin du kirol bakarra aukeratu, baina etorkizunera begira argi du «ahal dudan bitartean bi kirol hauetan jokatzen segituko dudala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun