Nafarroako erremonte txapelketako partida jokatuko dute igandean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 21a, 15:00

Doneztebeko erremonte eskolako David MItxeok min hartutako Barricart ordezkatuko du txapelketan gelditzen diren partidetan, Jabalerarekin bikote eginez. Ortziralean Irurtzunen eta igandean Elizondon ariko dira asteburuan.

Aitzinetik bertze bi partida izanen dira, ortziralean Irurtzunen eta larunbatean Vianan

Bi asteko atsedenaldiaren ondotik, Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Nafarroako XVII. Erremonte txapelketa bueltatuko da asteburu honetan. Ez nolanahi gainera, hiru partida jokatuko baitituzte: ortziralean Irurtzunen, larunbatean Vianan eta igandean Elizondon.

Elizondoko Baztan pilotalekuan, uztailaren 24an, igandean 17:00etan hasiko den jaialdian, txapelketako partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Doneztebeko erremonte eskolako Dabid Mitxeoren kontra ariko dira. Mitxeok belauneko lotailu gurutzatuan lesioa izan duen Barricart ordezkatuko du hemendik aitzinera txapelketan. Jaialdiko lehen partidan, Iruritako erremonte eskolako bi aurrelarik, Sagasetak eta Iturregik, bi profesional izanen dituzte bizkarzain, Ion eta Aimar Saldias oiztarra, hain zuzen.

 

Ortziralean Irurtzunen eta larunbatean Vianan

Elizondokoa asteburuko txapelketako hirugarren jardunaldia izanen da, baina aitzinetik bertze bi jaialdi ere izanen dira eta bietan ariko dira eskualdeko erremontistak. Uztailaren 22an, ortziralean 18:30ean Irurtzunen, Matxin III.a eta Ion azpeitiarrak, Aimar Jabalera eta David Mitxeoren kontra ariko dira. Jaialdia hasteko partidan, Beñat eta Otano Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.

Uztailaren 22an, larunbatean 17:00etan Vianan hasiko den jaialdiko txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Otanoren kontra ariko dira. Jaialdia irekiko duen partidan, erremonte eskoletako bi atzelari, Baztan eta Leatxe, bi profesional beteranoekin ariko dira, Matxin III.arekin eta Xanti Uterga doneztebarrarekin, hain zuzen.

Txapelketa osoko jaialdiak bezala, hiru hauek ere ADANO elkartearen alde eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun