San Fermin torneoko finala galdu dute Ezkurra II.ak eta Juaneneak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 18a, 07:00

Juanenea eta Ezkurra II.a txapeldunorde eta Azpiroz eta Ansa II.a txapeldun, San Fermin Torneoko finalaren sari banaketaren ondotik Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

Ortziralean Galarretan jokatutako finalean 30-26 nagusitu ziren Ansa II.a eta Azpiroz

Txapelketa eta final ederra jokatu arren erremonteko San Fermin Torneoko txapelik gabe gelditu dira Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra. Uztailaren 15ean, ortziralean Galarretan jokatutako finalean 30-26 galdu zuten Ansa II.a eta Azpirozen kontra.

Bi zati izan zituen finalak. Hasieran, ongi hasi ziren Ansa eta Azpiroz. Aldiz, Ezkurra II.ari eta batez ere Juaneneari, jokoan sartzea gosta egin zitzaien. 8-4 agintzen hasi ziren gorriak eta hamar tantoko aldea ere hartu zuten (21-11 eta 22-12). Azpiroz seguru ari zen eta Ansa agintari zebilen aitzineko koadroetan. Juaneneak ez zeukan protagonismorik eta Ezkurra konfidantzarik gabe ari zen. Baina hamar tanto kontrako alde horrekin lasaitu ziren Malerrekako erremontistak eta finala adatu zen. Juanenea jokoan sartzen hasi zen eta Ansa guttiago. 25-20 eta 26-22 hurbildu ziren urdinak, baita hiru tantora ere (28-25). Baina hogeita bederatzigarrena bi-paretako sinestezin batekin egin zuen Ansak, frontiseko eta zabaleko txapak hurbil-hurbil zituela. Bertze tanto bat egin zuten urdinek, baina ez zen aski izan eta, azkenean, 30-26 galdu zuten.

Ansak 17 tanto egin zituen eta bi pilota galdu. Azpiroz ongi ibili zen errebotean eta sei tanto egin eta bi pilota galdu zituen. Ezkurrak ere 15 tanto egin zituen eta lau pilota galdu eta Juaneneak zazpi tanto egin zituen eta hiru pilota galdu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun