Aimar Jabalera ez da gaurko finalean izanen

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 13a, 09:00

Aimar Jabalera pilota astintzen atzo Labriten. Doneztebarra ongi aritu zen, baina Matxin III.a eta Ion gehiago izan ziren. Argazkia: Joseba Zabalza

Sanferminetako erremonte profesionaleko txapelketaren finalerdia galdu zuen atzo Agirrezabalarekin, Matxin III.aren eta Ionen kontra eta hauek izanen dira Zeberio II.aren eta Saldiasen arerio gaurko finalean

San Fermin erremonte profesionaleko txapelketaren bigarren finalaurrekoa jokatu zuten atzo Labriten eta Matxin III.a eta Ion suertatu ziren garaile, Aimar Jabalera doneztebarra eta min hartutako Barricarten ordez aritu zen Agirrezabala 35-28 menpean hartu ondotik. Honela, Zeberio II.ak eta Aimar Saldias oiztarra, bikote azpeitiarraren kontra ariko dira gaur Labriteko finalean.

Finalerdiko partida berdindua joan zen hasieran, berdinketa aunitzekin. Hogeita hirunakoa izan zen azkena. Jabalerak pilotari ematen dion abiadurak aldea egin zuen zenbaitetan, baina azkenean Matxin III.aren eta Ionen erregulartasuna gailendu zen.

Finalerdiko partidaren aitzinetik, erremonte eskoletako erremontistak aritu ziren. Sagaseta eta Mitxeok 35-22 irabazi zieten Iturregi eta Leatxeri.

Sagaseta pilota jotzen eta Iturregi begira, erremonte eskoletako erremontistek eskainitako partidan. Argazkia: Joseba Zabalza

 

Finaleko jaialdia gaur 17:00etan Labriten

Beraz, gaur 17:00etan Labriten hasiko den jaialdian jokatuko dute finala Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarrak, Matxin III.aren eta Ionen kontra. Jaialdia irekiko duen partidan, Eloi Otxandprema doneztebarra eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira. Txapelketa guztiko partidak bezala, ADANOren aldekoa izanen da hau ere eta 10 euro kobratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun