Zeberio II.a eta Saldias San Fermin erremonte profesionaleko finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 12a, 12:00

Aimar Saldias oiztarra biharko finalean izanen da.

Atzo jokatutako finalerdian Otxandorena eta Otanori irabazi ondotik, gaur jokatuko den finalerdiko (Matxin III.a eta Ion, Jabalera eta Barricarten kontra) irabazleen kontra ariko dira bihar Labriten

Euskal Jai Remonte Fundazioak antolatutako 2022ko San Fermin erremonte profesionaleko txapelketako lehen finalistak Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra izanen dira, astelehenean jokatutako finalerdian Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Otanori 35-26 irabazi ondotik.

Txapelketako partidaren aitzinetik, erremonte eskoletako erremontistak aritu ziren. Iturregi eta Baztanek 30-25 irabazi zieten Sagaseta eta Leatxeri.

Gaur bigarren finalerdia

Gaur, uztailak 12, bigarren finalerdia jokatuko dute Labriten Matxin III.ak eta Ionek, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Barricarten kontra. 17:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan Sagaseta eta Mitxeo, Iturregi eta Leatxeren kontra ariko dira. Txapelketako jaialdi guztiak bezala, ADANOren aldekoa izanen da eta 10 euroko sarrera kobratuko dute.

Irabazleek uztailaren 13an jokatuko dute finala Zeberio II.a eta Saldiasen kontra.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun