Ezkurra II.a eta Juanenea Oriamendiren San Fermin erremonte txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 11a, 17:00

Larunbateko finalaurrekoan 23-30 irabazi zieten Aldabe eta Barrenetxea IV.ari eta Ansa II.a eta Azpiroz esperoan izanen dituzte uztailaren 15ean. Argazkiak: Maialen Andres

Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra Oriamendi enpresak antolatutako San Fermin erremonte txapelketaren finalean izanen dira uztailaren 15ean. Larunbatean Galarretan jokatutako finalaurrekoan 23-30 irabazi zieten Aldabe eta Barrenetxea IV.ari, pronostikoa irauliz. Orain, doneztebarrak eta saldiastarrak ligaxkan lehenbizikoak izan ziren Ansa II.a eta Azpiroz izanen dituzte esperoan finalean. 

Finalerdiko partidari dagokionez, bikaina izan zen eta aski berdindua joan zen. Lau erremontistak bikain aritu ziren eta akats gutti egin zituzten. Hogeita hirunako berdinketara bitarte guztiz orekatua joan zen, alde handirik gabe, baina azken zazpi tantoak segidan egin zituzten Malerrekako erremontistek. Juaneneak pilotga bakarra galdu zuen eta errebote guztiak ongi bueltatu zituen. Gainera, piloteoan ere bederatzi tanto egin dituen. Josetxo Ezkurra ere bikain aritu zen defentsan batez ere, eta Aldabek ezin izan zuen gainditu.

Larunbateko Galarretako jaialdia ireki zuen partidan, Oskar Urrutia II.a saldiastarrak eta Martirenak 35-27 irabazi zieten Zaldua II.ari eta Aritz Zubiri goizuetarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun