Bidane Madariaga

«Lan polita da baina aldi berean gogorra eta sakrifikatua»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 10a, 08:00

24 urte ditu Madariagak eta 16rekin hasi zen ostalaritzan.

Bidane MADARIAGA IRIARTE, Sunbillako zerbitzaria

16 urterekin hasi zen Bidane Madariaga Iriarte sunbildarra ostalaritzan, «asteburuetan eta udan» lan eginez. TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «Arantzako Aterpean izan zen nire lehenbiziko lana. Hortik Dantxarinera joan nintzen, eta ikasketak akitu ondotik, Elizondoko Benito Mennin lanean hasi nintzen laguntzaile lanetan. Denbora pasatu ondotik, ostalaritzara bueltatu nintzen». Eta azken hiru urteotan ostalaritza du ogibide 24 urteko gazteak.

Urteotan «lan baldintzak ez direla aldatu» dio: «Pandemiak ekarri zuen egoera alde batera utzita, ez dira baldintzak aldatu. Ordutegi berdinak, lanegun berdinak, soldata berdina…». Lan baldintzak «leku bakoitzaren araberakoak» direlakoan, baina bere kasuan kontent dago bereekin, «baldintza onak ditudalako. Malgutasuna, harreman ona, soldata egokia…».

«Jendeak astegunez bakarrik lan egin nahi du. Horregatik da hain zaila langileak harrapatzea»

«Hemengo gazteendako ostalaritzako eta bentetako lana da lanerako aukera bakanetako bat» Madariagaren ustez, eta horrekin batera, ostalaritzan sortu den langile faltaren arazoaz mintzatu da: «Jendeak astegunez bakarrik lan nahi egin nahi duelako gertatzen da hori. Ostalaritzan asteburuetan eta besta egunetan izaten da lan gehien. Horregatik da hain zaila langileak harrapatzea».

Gainerakoan, «lan gogorra eta sakrifikatua» iruditzen zaio ostalaritzakoa: «Desgaste fisikoa sortzen du, bertze lanekin konparatuta ordutegiak diferenteak dira, gehienek libre dutenean lan egitea tokatzen zaizu, aunitz irentsi behar duzu, ezin baita pentsatzen duzun guzia erran…». Eta gainera, «ez da behar bezala baloratzen. Lan polita da, jendearekin harremanak izaten dituzu, baina aldi berean, gogorra da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun