Uda giroa

Udako kirol eskola antolatu du aurten ere Doneztebeko Erreka elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 6a, 11:00

Joan den urtean Bertizera bizikletaz joan ziren udako kirol eskola akitzeko.

Uztailaren 26tik abuztuaren 19ra eginen dute, astelehen, asteazken eta ortzirale goizetan

Doneztebeko Erreka elkarteak berriz ere udako kirol eskola antolatu du, Doneztebeko udalaren laguntzarekin, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua. Uztailaren 26tik abuztuaren 19ra emanen dute, astelehen, asteazken eta ortziraletan, ordu bateko saioetan, goizez, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan eta kiroldegian.

Errekako bazkideek 30 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 35 euro. Izena ematen dutenekin whatsapp talde bat sortuko dute eta informazio guztia whatsapp bidez zabalduko dute (taldekatzeak, ordutegia, lekua). 

Hiru astez Iñigo Oskoz izanen da kirol eskolako jarduerak bideratuko dituena eta aste batez irristaketan aditua den Manu Goñik irristaketa saioak eginen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun