Ezkurra II.ak eta Juaneneak ongi ekin diote San Fermin Torneoari

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 13:00

Garaipen garbiarekin hasi dute txapelketa Ezkurra II.ak eta Juaneneak.

Aldabe-Barrenetxea IV.ak eta Ezkurra II.a-Juaneneak garaipenarekin hasi zuten San Fermin Torneoa. Lehenengoek 30-23 irabazi zieten Urriza eta Labakari, eta bigarrenek 25-30 Ansa II.a-Azpirozi. Irabazleek lau puntu lortu zituzten sailkapenean eta galtzaileen artean Ansa II.ak eta Azpirozek bat eta Urriza-Labakak ez zuten punturik batu.

Lehen partidan Barrenetxea izan zen erremontista nabarmenena. Partidak berdintasun handia izan zuen 20-19 arte, alternatibekin. Urrizak lan handia egin zuen ordura arte, baina azken tantoetan atzelari hernaniarrak egin zuen abantaila. Aldabek abiadura eman zion pilotari, tantoak bukatzea kostatu zitzaion arren. Urrizak gogor eutsi zion, baina azkenean urdinek amore eman zuten gorrien indar erakustaldiaren aurrean.

Bigarren partidan katedrak bikote gorriaren aldeko apustua egin zuen, baina urdinek ia hasieratik gidatu zuten markagailua Aritz Juanenearen segurtasunean oinarrituta. Saldiaseko atzelaria arras seguru dabil gibeleko kuadroetara igaro denetik. Urdinek ekimena eraman zuten, eta erosoago irabaziko zutela zirudien arren, gorriek puntu bat berreskuratu zuten. Zapore gozoa izan zuen puntu horrek, partidua nola joan zen ikusita. Abantailak hamar tanto ingurukoak ere izan ziren. Juanenea Azpiroz baino hobeto aritu zen, batez ere defentsan. Aitzinean Josetxo Ezkurra doneztebarrak Ansak baino tanto gehiago egin zituen, baina hutsegiteak ere egin zituen. Une erabakigarrietan Juaneneak gidatu zituen garaipenera urdinak.

 

Sailkapena
  1. Aldabe-Barrenetxea IV.a 4 puntu
  2. Ezkurra II.a-Juanenea 4 puntu
  3. Ansa II-Azpiroz Puntua
  4. Urriza-Labaka 0 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun