Bidasoaldean jasangarritasun teknikari izateko bi pertsona kontratatu nahi ditu Cederna-Garalur elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 27a, 16:00
Leurtzako urtegiak (argazkian), Zubietako errota eta Bidasoko Bide Berdearen dinamizazio jasangarrian ariko dira lanean.

Lanaldi erdian ariko dira Bidasoko Red Explora espazioen dinamizazio jasangarrirako eta curriculumak aurkezteko epea uztailaren 6an bukatuko da

Cederna Garalur elkarteak lanaldi erdian bi pertsona kontratatu nahi ditu Jasangarritasun teknikari gisa udan, Bidasoaldeko Red Explora espazioen dinamizazio jasangarrirako (Leurtzako urtegiak, Zubietako Errota Ekomuseoa eta Bidasoko Bide Berdea. Uztailaren 15etik irailaren 30era ariko lirateke lanean.

Lanpostu horiek lortzeko baloratuko diren ezaugarriak honako hauek dira: eskola-graduatua izatea, euskalduna izatea, B2 maila egiaztagarria edo baliokidea, B1 gidabaimena izatea eta ingurumen eta jasangarritasunari lotutako ikasketak izatea. Horrez gain, positiboki baloratuko da eskualdea ezagutzea, animatzaile soziokultural gisa, naturaren interpretazioan, ekitaldien antolakuntzan edo proiektuen kudeaketan izandako lan-esperientzia eta frantsesa edo ingelesa bezalako bertze hizkuntza batzuen ezagutza.

Lanaren ezaugarriak

Bidasoaldeko ikuspegi bateratua garatzea eta hiru espazioen eskaera orekatzea izanen da langileen zereginetako bat, baita espazio bakoitzaren behar eta ahuleziak identifikatzea;, espazioak dinamizatzeko eskaintza jasangarriak garatzea; ingurunea interpretatzea, bisitariek bertara hurbildu ahal izan daitezen, ezagutzatik eta errespetu handiagoz; espazio horren erabilera eta gozamena modu jasangarrian kudeatzeko moduari buruzko informazioa eta prestakuntza ematea. Era berean, tokiko bizilagunen bizitzaren, erabileren, lanen eta tradizioen berri eman beharko die erabiltzaileei.

Interesatuek curriculumak info@cederna.es helbidera bidaliko beharko dituzte, eta mezuaren izenburua 'Bidasoa jasangarritasun teknikaria' izanen da. Uztailaren 6an akituko da curriculumak bidaltzeko epea. Hautaketa-prozesuari buruzko informazio gehiago 600 43 5953 telefono zenbakian eskuratu ahal izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun