Etxekolonea zubietarra San Fermin pilota txapelketaren finaletik kanpo gelditu da

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 27a, 09:00
Mujika eta Aldaregia urdinez, eta Ruiz de Larramendi eta Etxekolonea gorriz, Eulateko finalerdiko agurrean.

Bigarren finalerdia ortziralean jokatuko dute Erratzun Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok, Arrieta eta Mendibururen kontra

Eulaten jokatu zen igandean Ados pilota elkarteak antolatutako San Fermin pilota txapelketako lehen finalerdia. Txiki geratu zen Eulateko pilotalekua, jendez lepo bete baitiren harmailak sekulako giroa sortuz. Ruiz de Larramendi izeba-ilobak aurrez aurre izan ziren herritarren aurrean. Azkenean, Aldaregiak eta Mujikak (amaren abizenarekin ari baita Maite Ruiz de Larramendi) 22-20 irabazi zieten Etxekolonea zubietarrari (Naroa Elizalde zubietarra ere amarekin abizenarekin ari da txapelketa jonetan) eta Olatz Ruiz de Larramendiri.

Pilotari guztiek lortu nahi zuten uztailaren 5ean jokatuko den final handirako txartela eta hasieratik tentsioa nabaria zen. Gorriek hobe ekin zioten partidari. Olatz atzetik sendo eta Naroa, berriz, aurrean tantoak bikain bukatzen. Markagailuan bost tantoko aldea ere izan zuten partida erdi aldean. Baina Andrea Aldaregiak partidaren erantzunkizuna hartu eta defentsa onaz gain erasoari ekin zion, tanto onak lortuz. Horrek Maiteri ere konfidantza eman zion eta ordutik aurrera bete betean sartu ziren partidan. Hamahirunako berdinketatik aurrera berdintasuna izan zen nagusi eta partida asko gogortu zen azken txanpan. Freskoago iritsi ziren amaiera aldera urdinak eta azken tanto ikusgarrien ondotik, garaipena beraientzat izan zen: Etxekoloneak eta Ruiz de Larramendik, 20; Aldaregiak eta Mujikak, 22.

Gozatu ederrra hartu zuten igandean Eulatera bertaratu ziren pilotazaleek. Gogotik txalotu zituzten lau pilotariak eta zinez eskertu egin zuten partida bikaina. 

Eulateko pilotalekua gainezka, herriko bi alabaren arteko finalaerdia ikusteko bildu zen jendetzarekin.

Bigarren finalerdia ortziralean Erratzun

Ortzirale honetan, uztailak 1, Erratzun jokatuko den bertze finalerditik aterako dira uztailaren 5eko bertze finalistak. Bigarren finalerdian, Iturriaga letzarra (amaren abizenarekin ari da Iera Agirre) eta Orbegozo, Arrieta eta Mendibururen kontra ariko dira.

Finaleko jaialdi berezia uztailaren 5ean Labriten

Finalerdietako irabazleek uztailaren 5ean Labriten jokatuko dute finala. Emakumeez gain, pilotari profesional izandako gizonezkoen arteko pilota partida erakargarria ere izanen da jaialdian: Titin III.a eta Goñi III.a, Oinatz Bengoetxea VI.a leitzarraren eta Armendarizen kontra. Finaleko jaialdi honetan lortzen den diru guztia ANELA elkartearentzat izanen da eta sarrerak ere elkarte honen webgunean eros daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun