Merezi zuen bezalako inaugurazioa eman diote Iturengo Pulunpa eskolari

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 24a, 12:30

Joan den urteko ilbeltzean, pandemia bete-betean estreinatu zuten Iturengo Pulunpa eskola berria. Maskarekin, segurtasun distantziak betez, beldurrarekin, … Ez zen ametsetako irekiera izan. Hori dela eta, eskolako bestarekin batera, eskola berriari behar zuen bezalako inaugurazio herrikoia izan zuen atzo, hainbat ekitaldi hunkigarrirekin.

Arantxa Diez Aranburu zuzendariak aipatu digunez, «arrunt ongi joan zen dena. Adin guztietako pulunpariok elkartu ginen: izan ginenak, garenak eta izanen direnak, birramatxiak, atautxi-amatxiak, gurasoak, ikasleak, ikasle ohiak, herritarrak…».

Bosgarren eta seigarren mailako ikasleek hormairudi ederra margotu zuten, Juan Carlos Pikabea margolariarekin. Ondotik, Pikabeak berak hartu zuen hitza eta hormirudiaren ondoan azaldu zuen bere lan prozesua.

Hainbat tailer egin zituzten ortzegun goizean, adin guztietako ikasleak elkartuta: eskulanak, abesbatza eta mahai-jokoak.

Joaldun ttikiak ere ibili ziren joareak astintzen eta Eskola Bideak proiektuari hastapena ematen etakau bideak joareen soinuekin eginez eta alaituz. Egoitz Gorosterrazu bertsolari eta ikasle ohiak, berriz, ederki laburbildu zuen inaugurazioaren zergatia, zinta moztu baino lehen. Alkateak eta zuzendariak zinta puska bana hartu eta eta haurrei eman zizkieten, beraiek baitura eskolaren erdigune eta protagonista.

Gero, hamar urte pasatuta, zuzendaritza utziko duten Ane Otxandorena eta Arantza Diez Aranbururi ustegabeko omenaldia egin zieten, aurreskua dantzatuz eta opariak emanez (bideoan).

Ondotik, horrenbertze emozio eta sorpresa eta gero, bazkari herrikoia izan zuten, lehenengo haurrek eta gero, gazteek eta helduek. Ostatuak prestatutako menuak gure sabelen joareak baretu zituzten. Bazkariaren eta ekaitzaren ostean, barea ez, Trikidantz herriko musika taldearekin dantza, baizik.

Arratsean, Guraso Elkarteak prestatutako bokata jatea izan zuten, eta gero San Juan suak saltatzeko. «Eta honela, sarna kanpora eta ona barrenera egin genuen atzo, elkarrekin,Pulunparen historia marrazten jarraitzeko. Eskerrik asko bihotz- bihotzez atzokoan parte hartu zuten guztioi eta han ez zeudenak baina bihotza gurekin zutenei esan, hurrengoan, uste baino hurbil dagoena, gurekin izanen direla», aipatu digu Arantza Diezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun