Ezkurra II.a eta Juanenea bikote izanen dira sanferminetako erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 24a, 13:00
Txapelketan parte hartu behar duten zortzi erremontistetatik sei (Ansa II.a eta Urriza falta dira). Ezkerretik hasita bi lehenak, Juanenea eta Ezkurra II.a. Argazkia: Maialen Andres

Astelehenetik hasita lau bikote lehiatuko dira uztailaren 15ean Galarretan jokatuko den finala helburu

Erremonteko San Fermin txapelketaren aurkezpena egin zuten ortzegun arratsaldean Donostiak, txapelketaren babesle nagusia den Sukia eraikuntza enpresaren egoitzan. Lau bikote hasiko dira lehian heldu den astelehenetik Galarretan eta lehian izanen diren eskualdeko bi erremontistek, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak, bikotea osatuko dute.

Malerrekakoekin batera, Urriza-Labaka, Aldabe-Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a eta Azpiroz ariko dira. Ekainaren 27an, uztailaren 4an eta uztailaren 7an ligaxka jokatuko dute. Partidak 30 tantora jokatuko dituzte eta Sagardoaren txapelketan bezala puntuatuko da. Bikote irabazleak 4 puntu eskuratuko ditu, 27-29 tanto egiten dituen galtzaileak 2 puntu, 24-26 tanto egiten dituenak puntu bakarra, 17-23 tanto egiten duenak ez du punturik eskuratuko eta puntu negatiboa izanen du 16 tanto edo guttiago egiten duenak.

Lehenbiziko gelditzen den bikotea zuzenean uztailaren 15ean jokatuko den finalerako sailkatuko da eta laugarren gelditzen dena txapelketatik kanpo geldituko da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, finalerdia jokatuko dute elkarren kontra uztailaren 9an. Finalerdiko irabazleak, lehen faseko garailea esperoan izanen du uztailaren 15eko finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun