Doneztebeko 42. Herri Krosa igandean antolatu du Errekak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 23a, 07:00
Jaouad Boualane helmugara garaile ailegatzen 2019ko edizioan, orain arte jokatutako azkenean.

Proba nagusian 7.300 metro egin beharko dute korrikalariek eta 150 euro izanen dute irabazleek

Bi urteko derrigorrezko geldialdiaren ondotik, Erreka elkarteak Doneztebeko udalaren eta La Caixaren laguntzarekin antolatutako Doneztebeko 42. Herri Krosa ekainaren 26an eginen dute. Izen-ematea bortz euro ordaindu beharko dute jubenilek eta hortik aitzinerako kategoriek, senior eta beteranoek alegia. Gazteagoentzat debalde izanen da. Errekaren blogean (www.erreka.org) edo www.herrikrosa.eus webgunean edo ekaineko azken igandean bertan, irteeran egin daiteke, 10:00etatik 11:00etara.

Aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak 10:30etik aitzinera aterako dira. Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak, berriz, 11:30ean.

Distantziei dagokienez hauek izanen dira: maila berezia: 75 metro; aurre-benjaminak: 420 m; benjaminak: 420 m; alebinak: 820 m.; infantilak: 1.220 m; kadeteak: 1.825 m; jubenilak eta senior eta beteranoen lasterketa motza: 3.650 m. Senior eta beterano lasterketa luzea 7.300 m.

Sailkapen orokorrean, proba luzeko gizon nahiz emakume irabazleek 150 euro jasoko dituzte; bigarrenek 90 euro; hirugarrenek 60 euro. Urdaiazpiko bana ere izanen da lasterketa luzeko herriko lehenengo gizonezko eta emakumearentzako.

2019an egin zen 41. edizioa eta orduan Jaouad Boualane (23.24) eta Majida Maafouf (27.11) nagusitu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun