Julen Larretxea omendu dute Donezteben Nafarroako erremonte txapelketako bigarren jardunaldiaren atarian

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 11:00
Ortziraleko jaialdian parte hartu duten erremontistak, Julen Larretxea omenduarekin.

Txapelketako partidan, Otxandorenak eta Otanok 35-25 irabazi zieten Jabalera eta Barricarti

Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitatearen XVII. Erremonte txapelketako bigarren jardunaldia ekainaren 17an, ortzirale arratsaldean jokatu zen Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Jende aunitz bildu zen Ezkurra pilotalekuan, txapelketako partidaz gain, Doneztebeko eskolako bi erremontista profesionalekin batera ikusteko aukera izan baitzen jaialdiko lehen partidan eta bi partiden artean, omenaldi beroa eskaini zitzaion Julen Larretxeari.

Hasteko, lehen partidan, Doneztebeko erremonte eskolako David Mitxeok eta Markel Leatxek profesionalekin jokatzeko aukera izan zuten, ez edozeinekin gainera: Zeberio II.a eta Xanti Uterga doneztebarra izan zituzten lagun aitzinean. Zeberio II.ak eta Mitxeok 35-28 irabazi zieten Uterga eta Leatxeri.

Erremontea utzi behar izan duen Julen Larretxeari omenaldia

Hau gutti balitz, lehen partida honen eta txapelketalo partidaren artean emozioek bor-bor egin zuten. Izan ere, Julen Larretxeari omenaldia eskaini nahi izan zioten Erremonte Fundazioak, E•remonte Iruña enpresak, Doneztebeko udalak, Erreka kirol elkarteak eta Doneztebe Futbol Taldeak. Doneztebeko atzelariak lan-istripu baten ondorioz erremontea utzi behar izan du, baina herritarren babesa eta elkartasun beroa jaso zituen ortziralean.

Txapelketako partidan, Otxandorenak eta Otanok irabazi Jabalera eta Barricarti

Txapelketako partidan, Doneztebeko bi aurrelari gazte izan ziren aurrez aurre eta partida bikaina eskaini zuten. Eloi Otxandorenak Otanorekin bikote egin zuen eta Aimar Jabalerak Barricart-ekin. Hasiera berdindua izan zuen partidak, 18-15a arte. Hor Otxandorena tantoak bikain akitzen hasi zen eta 22-16 eta 32-22 alde egin zuten gorriek, azkenean 35-25 irabazteko. Otxandorenak partida ederra jokatu zuen, Otanok ongi lagunduta. Jabalerak partida hautsi nahi izan zuen, egurrean, baina horren ondorioz pilota sobera galdu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun