Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkartea (NAPIKE) sortu berri dute eta zuzendaritza batzordeko kide da Laxoa Elkarteko Tiburtzio Arraztoa. Pilota joko tradizionalen kultur eta hezkuntza balioak babestea eta zabaltzea da elkartearen helburu nagusia. Arraztoak aipatu digunez, «elkarteko estatutuak Navarra Arenan otsailean egindako bilera batean onartu ziren eta elkartea ere orduan osatu zen, baina ideia zaharra da. Urteak daramatzagu gai honi buru solasean eta bueltaka eta azkenean martxan jarri dugu».
Arraztoaren erranetan, «kontutan hartu behar da joko tradizionalak gutxien ezagutzen direnak direla eta elementu batzuk desagertzeko zorian daudela. Orain arte pilota gehienbat kirol bat edo kirol bat gehiago bezala kontsideratu dugu; normalean ez dugu pentsatu pilotak dituen kultura eta ondareaz. Komunikabide eta liburutan ere pilotari buruz argitaratzen diren albisteak normalean kirol arloa tratatzen dute».
Interpretazio zentroa eta museoa
Elkartearen lehen urratsetako batzuk pilotaren interpretazio zentro bat eta museo bat egitea izan daitezke. Alde horretatik, «euskal pilotari buruzko museo bakarra dugu, Senperekoa hain zuzen. Eta interpretzio zentroak? Inbidia ematen digu, nahiz eta Euskal Pilotatik kanpo egon, bertze lurraldetan (Valentzia, Italia, Holanda, Belgika) gai honetan gu baino aitzinerago daudela. Helburu hau ere ez da oraingoa. Gure asmoa da Iruñean edo Nafarroa gai honetan erreferente bat bihurtzea, baino, noski, horretarako instituzioen inplikazioa behar da (lekua, dirua...). Orain arte talde politiko, udal eta instituzio guztiek ideia bikaina dela erraten dizute, baino inork ez du pausu bat ere eman», dio Laxoa Elkarteko kideak.
«Guk ez dugu txapelketarik edo kirol konpetiziorik antolatuko, horretarako daude federazioa, klubak, etab…»
Beraz, ez da kirol konpetiziorik antolatuko duen elkartea izanen, kultur arloa landuko dute bakarrik: «Guk ez dugu txapelketarik edo kirol konpetiziorik antolatuko; horretarako daude federazioa, klubak, etab. Guri pilotaren kultura, ondarea, historia, tailerrak, ikastaroak... bakarrik interesatzen zaizkigu».
Pilota munduko ondare izendatua izan dadin lanean
Nazioartean ere ezagutzera eman nahi dute pilota eta frontoiak UNESCOren ondare izatea eskatzea ere ez duzue baztertzen. Arraztoak adierazitakoaren arabera, «Euskal Pilotan laxoa bakarrik dugu Kultura Intereseko Ondasuna izendatua eta Valentziako Generalitateak ere Valentziako Pilota orain dela urte batzuk ondarea izendatu zuen. Iparraldean ere gai honi buruz lanean ari dira. UNESCOk Pilota (ez bakarrik Euskal Pilota, baizik eta pilota orokorrean) mundu osoan ondarea izendatzea da gure helburu bat. Horretarako orain dela urte pare bat Valentziako bi ordezkari eta neu izan genuen Espainiako Hezkuntza Ministerioan bilera bat Madrilen eta gai hau aurkeztu genuen. Arras ongi eta interesa handiarekin hartu zuten eskaera, erran ziguten jarraitu behar diren pausuak zein diren, gaia luze joan daitekeela, baina posible dela. Gero pandemia etorri zen eta hor gelditu zen dena. Baina gaia berreskuratu behar dugu. Gainera NAPIKE elkartearen indar gehiago egin dezakegu».
«Zoritxarrez, Iruñean Euskal Jai pilotalekuarekin ez zen gauza bera gertatu. Hura ere ondare bat zen, baina betirako galdu da»
Ondare kontuekin segituz, Madrilgo Beti Jai pilotalekua merkataritza gune ez bihurtzeko idatziren bat ere prestatzeko asmoa azaldu du NAPIKEk. «Madrilgo Beti Jai pilotalekuaren afera ere zaharra da. Orain dela urteak pilotalekua salbatzeko plataforma bat osatu zen eta sekulako borrokak egin dira. Egia errateko, gaur egun nahiko baikor gaude, orain baino aise okerrago egon delako afera hau. Baina, noski, beti bezala, azken hitza politikoek dute. Zoritxarrez, Iruñean Euskal Jai pilotalekuarekin ez zen gauza bera gertatu. Hura ere ondare bat zen, baina betirako galdu da.
Laxoa plazak kontserbatu eta gehiago ez desagertzeko helburua
Hurbilagoko kontuetan, NAPIKE bezalako elkarte baten sorrera laxoarentzat ere onuragarria izan daitekeela uste du Arraztoak: «Orain dela aste pare bat Nafarroako Unibertsitateko Kultur eta Hizkuntz Katedrak Iruñean eta Iruritan antolatu zituen ekitaldiak NAPIKEk proposatuta egin ziren. Noski Laxoa Elkartearendako albiste ona eta onuragarria dela horrelako elkarte bat sortzea eta seguru elkarlanean jarraituko dugula. Azken finean, helburu ber bera dugu: kultura eta ondarea».
Laxoa Elkartaren helburuetako bat orain dauden plazak kontserbatzea eta gehiago ez desagertzea dela behin eta berriz errepikatu dute. Izan ere, «herri batean laxoko plaza desagertzen bada, jokoa ere desagertzen da –dio Arraztoak–. Eta bertze helburu bat, ahal diren plazak berreskuratzea. Urte honetan Beintza-Labaienen eta Lamiarritan antolatu ditugun partidak bikainak suertatu ziren; jendeak ekitaldia errepikatzeko eskatzen zigun. Horrelako erakusketako partidak tarteka antolatzeko, agian txapelketakoak ez, aukera anitz daude, bai Baztanen, bai Bertizaranan, bai Malerrekan edo bertze leku batzuetan ere. Guri gustatuko litzaiguke horrelako esperientzia gehiago egitea eta gure inguruko herrietan erakustea gure ondare hau».
«Herri batean laxoko plaza desagertzen bada jokoa ere desagertzen da»
Laxoa Elkarteko kideak hausnarketa eta mezu batekin akitu nahi du bere solasaldia: «Ondare hau kontserbatzea, Nafarroan bakarrik kontserbatzen den gure ondare hau, ez da bakarrik Laxoa Elkartearen edo laxoa jokoa maite dugunon lana, baizik eta erakunde guztien lana eta errespontsabilitatea. Laxoa bizirik dago, bai, eta erran dezakegu gaur egun osasuntsu mantentzen dela, baina berriz ere edozein momentuan desagertzen ahal da. Horregatik, gustatuko litzaiguke ondare izendapen hau teoria mailan bakarrik ez gelditzea, baizik eta praktikan jokoa bera kontserbatzea eta jokoaren inguruan dauden elementu materialak ere. Hasteko, plazak; gelditzen direnak kontserbatu eta ahal bada bertze batzuk berreskuratu. Helburu honek lehentasuna behar luke. Garai batean herri guztiek bere pilota plaza zuten, baina pixkanaka gehienak desagertzen joan dira. Eta herri batetik plaza desagertzen bada, berarekin batera, jokoa ere. Botarriak eta pilota-soroak kontserbatu eta seinalizatu beharko lirateke eta artisauak ere babestu, batez ere eskularrugileak».