Julen Larretxea omenduko dute ortziralean Donezteben Nafarroako erremonte txapelketako bigarren jardunaldiaren atarian

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 16a, 11:00
Otxandorena eta Jabalera doneztebarren arteko lehia izanen da aitzineko kuadroetan, txapelketako partidan.

Txapelketari dagokion partidan, Aimar Jabalera eta Eloi Otxandorena aurrez aurre izanen dira aitzineko kuadroetan eta lehen partidan, Doneztebeko erremonte eskolako Mitxeok eta Leatxek profesionalekin aritzeko aukera izanen dute

Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitatearen XVII. Erremonte txapelketako bigarren jardunaldia ekainaren 17an, ortziralean 19:30ean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan hasiko den jaialdi ederrean jokatuko dute. Aitzineko kuadroetan Doneztebeko bi erremontista gazte izanen dira aurrez aurre: Eloi Otxandorena eta Aimar Jabalera. Otano eta Barricart izanen dituzte bizkarzain.

Doneztebeko erremonte eskolako Mitxeo eta Leatxe, Zeberio II.a eta Utergarekin

Baina txapelketako final laurdenetako ligaxkako bigarren partidaz gain, erakargarri ugari izanen ditu Doneztebeko jaialdiak. Hasteko, lehen partidan, Doneztebeko erremonte eskolako David Mitxeok eta Markel Leatxek profesionalekin jokatzeko aukera izanen dute, ez edozeinekin gainera: Zeberio II.a eta Xanti Uterga doneztebarra izanen dituzte lagun aitzinean.

 

Julen Larretxeak erremontea utzi behar izan du eta herritarren omenaldia jasoko du ortziraleko jaialdian.

 

Erremontea utzi behar izan duen Julen Larretxeari omenaldia

Hau gutti balitz, lehen partida honen eta txapelketalo partidaren artean emozioek bor-bor eginen dute. Izan ere, Julen Larretxeari omenaldia eskaini nahi diote Erremonte Fundazioak, E•remonte Iruña enpresak, Doneztebeko udalak, Erreka kirol elkarteak eta Doneztebe Futbol Taldeak. Doneztebeko atzelariak lan-itsripu baten ondorioz erremontea utzi behar izan du, baina herritarren babesa eta elkartasuna jasoko ditu omenaldi honetan.

Aipatzekoa da txapelketako jaialdi guztietan bezala, Doneztebekora sartzeko ere 5 euro eskatuko direla sarreran eta dena oso-osorik ADANO elkartera bideratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun