Info gida 2022

«Familia eta lagunekin elkarlanean abentura bat bizitzeko aukera ematen du escape roomak»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 15a, 12:30

Escape room bat ireki du gaur Iñigo Arretxeak Sunbillako Harbizti karrikan, «bide berdearen ondoan». Kontrabandoa du gaia: «kontrabandista talde bat atxilotu dute muga zeharkatzean eta kartzelara eraman behar dituzte; hor hasten da istorioa, polizien furgoian. Partaideek ordu bat izanen dute furgoitik atera eta herria zeharkatzeko, ihes egin ahal izateko».

Eskualdeko kontrabandoaren historia eta Sunbilla ezagutzera eman nahi ditu formatu bitxi honen bitartez, «turismoarentzako lagungarria izanen dela uste dut». Azken aldian gero eta gehiago ikusten dira escape roomak, baita gure eskualdean ere; «arrakasta handia dute dibertigarriak direlako eta lagun edo familiarekin elkarlanean abentura bat bizitzeko aukera ematen dutelako, inongo arriskurik izan gabe».

Diseinu «arras landua» du escape roomak, «xehetasunei garrantzia eman diet murgiltzea errealagoa izateko». Zailtasun aldetik, berriz, «ez da bereziki zaila, hamar urtetik goitiko edozeinek parte hartzeko modukoa da, familia edo lagunekin etortzeko aproposa». Erreserba sunbillaescape.com webgunean egin daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun