Doneztebe Futbol Taldearen Eguna ekainaren 18an ospatuko dute

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 15a, 09:00
Doneztebe futbol talde nagusiko jokalariak Jaime Sein kapitaina agurtu zuten denboraldiko azken partidan.

Goizean futbol partidak, arratsaldean mus txapelketa eta arratsean triki-poteoa, afaria eta gaupasa izanen dute

Doneztebe Futbol Taldearen Eguna larunbat honetan, ekainaren 18an, ospatuko dute, egitarau zabalarekin.

Larunbat goizean futbolak izanen du leku berezia. 10:00etan txikien partidak jokatuko dituzte (futbol eskola, aurrebenjaminak eta benjaminak). 10:30ean infantil eta kadeteen partidak jokatuko dituzte eta 11:30ean triangularra herriko hiru taldeen artean.

Arratsaldean, 17:00etan mus txapelketa jokatuko dute eta ordu lehenagotik izanen da apuntatzeko aukera txoznan, 5 euro ordainduta. 18:30ean merienda eskainiko zaie alebin, benjamin, aurrebenjamin eta futbol eskolakoei.

Larunbatek gau giroan murgiltzeko, 20:00etan triki-poteoa eta 21:30ean afaria izanen dute Santa Luzia plazan. Menua 35 euro ordaindu beharko da (magra, patea, fritoak, entsalada mistoa, arraina saltsan, entrekota, kafea eta kopa edo kubata). 01:00etan hasita gaupasa izanen da Gabezin taldearekin.

Jaime Seinen agurra

Kirol arloan, futbol talde nagusiak iaz lortu zuen Maila Autonomikoa galdu du aurten, eta berriz ere Preferenten ariko da 2022-23 denboraldian. Gainera, ekainaren 4an hondarreko partida jokatu zuen Jaime Sein kapitainak ere. Talde seniorra sortu zenetik aritu da Donezteben, eta taldearen lorpen guztien partaide izan da: kopa, igoerak, zelaiaren inaugurazioa… Ruben Alvarez entrenatzaileak ere azken aldiz entrenatu zuen taldea, Doneztebe futbol taldean 2019-2020 denboraldian hasita. Biei eskerrak eman dizkiete Doneztebe futbol taldearen izenean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun