Bezperatik mugimendua sumatu zen herrian, ttikienak eskubaloian eta puzgarrietan ibiltzeko aukera izan baitzuten. Santa Luzia Plazan jokatutako mus txapelketan, berriz, 48 bikoteren artean Sunbillako Pattere Galtzagorri eta Nieves Biurrarenak irabazi zuten 300 euroko saria, finalean Alberto eta Carlosi irabazita. Hauek 100 euro irabazi zuten.
Larunbat goizean Malerrekan barna 56 kilometroko bizikleta-bira egin zuten txirrindulariek eta kiroldegian eta frontoian eskubaloia, judo eta pilota erakuskaldiak izan ziren. Arratsaldean segida izan zuen eskubaloiak. Neskek jokatu zuten, Errekako jubenilen eta beteranoen arteko eskubaloi partidak ikusmina piztu zuen eta zer erranik ez, Errekako talde nagusiaren (Ibai Meokiren fitxaketarekin) eta Ohorezko B mailan ari den Zarautz taldearen artekoa. Erreka dantza taldeak ere bere emanaldia eskaini zuen eta Ibai Meokiren eta Niko Mindegiaren kamisetak zozketatu zituzten, baita urdaiazpikoa ere (Natalia Rekarteri egokitu zitzaion). Herri afaria ere bikaina izan zen. Gazbo Mindegia eta afarian egon ezin izan zuen Poti Rekarte omendu zituzten afalondoan eta Iñigo Oskozi eman zioten jokalari onenaren saria. Niko Mindegiak errandako hitzak ere hunkigarriak izan ziren.