Erreka elkartearen eguna ekainaren 4an ospatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 1a, 10:00
Haurrak, gazteak, helduak eta beteranoak, neskak nahiz mutilak, eskubaloian aritzeko aukera ederra izanen dute asteburu honetan Donezteben, Erreka Egunaren baitan.

Bezperatik mugimendua izanen da  eta mus txapelketa ere jokatuko dute, baina larunbatean izanen dute egun osoko egitaraua

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak, Udalaren eta Gazte Burrunbaren laguntzaz, denboraldia behar bezala akitzeko, urteko besta nagusia antolatu du, Errekaren Egunaren hamalaugarren edizioa. Ekainaren 4an, larunbatean, zehaztu dute hitzordua, bi urteko geldialdiaren ondotik. 

Bezperatik mugimendua

Bezperatik, hau da, ekainaren 3tik, mugimendua nabarituko da herrian. Ortziralean 17:00etan umeak eskubaloian ariko dira, aurrebenjamin eta benjamin mailakoak, eta akitzean merienda izanen dute. 17:00etatik 20:00etara puzgarriak izanen dira, kiroldegiaren atarian.

22:00etan Santa Luzia Plazan mus txapelketa handia jokatuko dute (irabazleentzat 300 euro eta bigarrenentzat 100 euro). Izena emateko 10 euro ordaindu beharko dituzte bikoteko.

Larunbatean egun osoko egitaraua

Ekainaren 4a, larunbata, izanen da egun handia. 08:30ean abiatuta, Malerrekan barna bizikleta-bira  izanen dute (56 kilometrokoa, Pepas kafetegitik abiatu eta Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oiz, Urroz, Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Zubieta, Ituren eta Elgorriagan barna berriz ere Donezteben helmugaratuko dena eta bukaeran merezitako aperitiboa izanen duena). 09:30etik aitzinera kiroldegian gazteak eskubaloian ariko dira (alebinak eta infantil mailako neska-mutikoak); eta eguerdian, 12:00etan, Errekako Judo Eskolako erakustaldia izanen dute. Goizean pilota partidak izanen dituzte frontoian. Akitzean, hamaiketakoa izanen da parte hartu duten kirolari guztientzat

Arratsaldean, 16:00etan nesken eskubaloi partida jokatuko dute. 17:00etan Errekako jubenilen eta beteranoen arteko eskubaloi partida jokatuko dute eta 18:00etan Errekako talde nagusiaren eta Ohorezko B mailan ari den Zarautz taldearen artekoa. Erreka dantza taldeak ere bere emanaldia eskainiko du eta ondotik zozketak eginen dituzte.

Eguna borobiltzeko, 21:00etan herri-afarian bilduko dira Santa Luzia Plazan. Menuan, patea, txorizoa sagardoan egosia, salda, ajoarriero, txuleta, izozkia, kafea eta kopa izanen dute. Afalondoan, Trikidantz taldearen eskutik, dantzarako tartea izanen dute. Urtero bezala, sorpresak ere izanen dira afalondoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun