Malerrekako Eguna borobila izan dute Donamarian

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 30a, 10:30

80 urtetik goitiko herritarrak omendu dituzte eta Oizek hartu du 2023ko ospakizunerako lekukoa

2019an ospatu zen Ezkurran Malerrekako Egunaren zortzigarren edizioa. Orduan Donamariari eman zioten 2020ko ospakizuna antolatzeko lekukoa. Arrazoi jakinengatik, bi urtez ez da ospatzerik izan, baina aurten berriz ere Malerrekako Eguna antolatu du Malerrekako Mankomunitateak eta maiatzaren 28koa egun handia izan dute Donamarian.

Omenaldia

Donamariako plazan harrera egin zitzaien Malerrekako herrietako udal ordezkariei, Aitor Ibarra Jalisko aurkezle zela. Donamariako udalak herriko zaharrenei, 80 urte baino gehiago dituzten 25 herritarrei, omenaldia ere eskaini zien, «gure herriak babestuz eta zainduz egin dituzten lanak eskertu nahian». Denek ez zuten agertzerik izan, baina bertan izan ziren Patxiku Juanena Elizondo, (Urrozen sortua eta Artzeko Martindenera ezkondua); Beñardo Altzugarai Gragirena (Gazteluko Bidauztekoa) Patxiku Oteiza Urroz (Artzeko Migelenekoa), Roxita Lopez Galilea (berez Saldiaskoa, Azkarragako Mixeltenera ezkondua), Juanita Mindegia Muñoz (Kapatazeneko Etxean sortu eta hazia, Leitzara ezkondua eta Uxarrera bueltatu zena gurasoak zaintzera), Xantus Lizasoain Perez (Uxarrea); Josetxo Telletxea Otxandorena (Artzeko Antxonekoa), Marijuana Telletxea Otxandorena (Artzekoa sortzez, Iguringo Porotxenera ezkondua), Mª Carmen Amigorena Goñi (Iguringoa sortzez, Gazteluko Gaxtelenera ezkondua) eta Fabiola María Lefevre (Alemaniatik, Iruñean barna Donamariako Pagola baserrira etorria). Gainera, Donamariako komentuko hiru moja ere omenduen artean zeuden; Engraxi Mendiola Salegi urretxuarra, Albaceten sortutako Herminia Serrano Rodriguez (1960an komentura etorria), Zamoran sortutako Jesusa Fernández Guillón eta Mª del Carmen Coronado Aguilar, Malagan sortua, Madrilen hazia eta Donamariako alaba kuttuna, mandatuak egiten dituelako bera baita ezagunena eta bere ohorez buruhandia ere badute Donamarian.

Museko txapeldunak Saldiaskoak eta lekukoa Oizera

Omenaldiaren aitzinetik, Malerrekako gazteen mendi martxa abiatu zeb Doneztebeko Merkatuko Plazatik eta Donamariara ailegatu ziren. Malerrekako musikariak ibili ziren, eta artisauak, talogileak, dantzariak  eta buruhandiak ere ibili ziren. aizkora apustua ere egin zuten eta gero, paella jate jendetsua frontoian. Arratsaldean Hauspolariek musika taldeak jo zuen plazan, umeentzako jokoak eta tailerrak eta merienda izan ziren eta mus txapelketako finalak jokatu zituzten. Aurtengoan, Saldiasko Aritz Juanenea eta Iñigo Zubeldia suertatu dira txapeldun, finalean Urrozko Xabier Matxiñena eta Xabier Babazeri irabazita. Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunek ere joareak astindu zituzten. Zozketak egin eta mus txapelketako sariak banatu ondotik, Natalia Rekarte Donamariako alkateak Jaime Urroz Oizko alkateari datorren urteko antolaketarako lekukoa pasatu zion. Ondotik afaria izan zuten Herriko Ostatuan eta Gabezin musika taldearekin erromeria izan zuen plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun