Beñat Albisu Etxeberria

«Lasterka egitea deskonektatzeko momentua da niretzako»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 28a, 08:00

Beintza-Labaiengo gaztea da Beñat Albisu. Kirola egitea du zaletasun, eta mendi lasterketetan etorkizun ona duela erakutsi du berriki Berako Gazte Trail lasterketan

Nola definituko zenuke zeure burua?

Kirola gustatzen zaidan 16 urteko beintza-labaiendarra naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Mendia eta kirola gustatzen zaizkit, eta mendi lasterketekin biak uztartzen ditut.

Zer ikasten duzu?

Lekarozen Osasun Zientzietako Batxilergoko lehenbiziko maila egiten ari naiz.

Noiz hasi zinen mendi lasterketekin?

Duela sei urte, futbolean hasi behar nintzenean, neure kabuz lasterka egitera joaten nintzen tarteka. Futbolean hiru urte eman nituen, baina mendira lasterka egitera gero eta gehiago eta gustorago joaten nintzen. Duela hiru urte futbola utzi eta Manttale taldean entrenatzen hasi nintzen, aurten laugarren urtea dut.

Zer da zuretzat lasterka egitea?

Agian ulertzeko zaila da, baina niretako gozatzeko, sufritzeko, hobetzeko, deskonektatzeko eta neure buruarekin egoteko momentua da.

Zenbatero entrenatzen zara?

Astean sei egunetan; batzuetan 45 minutuz, bertzeetan bi orduz.

Lasterketa askotan parte hartu duzu?

Ez, adinak berriki arte mugatu nau. Gainera, pandemia egoerak lasterketa asko bertan behera uztea behartu du.

Gazte Trail lasterketa irabazi duzu berriki. Zein da sekretua?

Ez dago sekreturik, entrenamenduak behar bezala prestatu eta egin behar dira. Hala ere, errendimendua hobetzerakoan, badaude entrenamendutik aparte atzentzen diren arloak: atsedenaldiak, elikadura, emozioen kudeaketa… hauek zaintzea garrantzitsua dela uste dut.

Beste garaipenik izan duzu?

Nire adinekoen kategorietan bai, baina absolutuetan ez.

Nola ikusten duzu lasterkarien maila gure eskualdean?

Inguruan, zorionez, lastekari eta kirolari asko daude, eta badaude maila onekoak. Gainera gero eta jende gehiago gara, eta hori da garrantzitsuena.

Zure asmoak epe motzera?

Nafarroako jubenilen mendi lasterketa txapelketa irabaztea eta Espainiako txapelketa batean parte hartzea.

Eta epe luzera?

Atzera begiratzean egindakoarekin harro sentitzea eta ahal bada, lesiorik gabe. Bertzalde, Golden Trail World Series-eko final batean egotea ametsa izanen litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun