Info gida 2022

«Denok dugu tokia Donezteben»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 25a, 12:00

Doneztebe eta bere ingurua «toki ederra» direla dio Oier Zulaika zinegotziak. «Gure herrira datorrena egun pasa etortzen da normalean. Batzuk karrika, komertzio eta parkeetan ibiltzen dira, bertzeak inguruko bide eta mendiak ezagutzera datoz».

«Herrigunea» bisitatzen dute batez ere; «garai bateko etxe ederrekin, Bearzana frontoia barne. Asmo horrekin ari gara erdigunean eragin nahian, ibiltari eta ibilgailuen hartu-emanak goxatu nahian». Herritik kanpora, «Bide Berdea, Uraren bidea eta Ederbidea ditugu oinez zein bizikletaz gozatzeko». Jende «nahikotxok» bisitatzen du herria, «udaberri eta udazkenean asteburuetan, zubietan eta udan berriz zenbait egun pasatzera».

Doneztebe eta Malerreka marka «indartu» nahi dute, «bisita gidatuak berriz martxan jarriz, laxoa gure kirol deigarria ezagutaraziz, bertze proba edo ekitaldiak landuz… etorri eta gozatu herriaz, bere denda, ostatu eta jatetxeez, inguruko bide bazterrez, familia giroan, lagun artean, jai egitera, kirola egitera, karrika eta naturaz gozatzera… denok dugu tokia Donezteben».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun