Osasunaren aldeko egun borobila izan zuten larunbatean Sunbillan

Maider Petrirena 2022ko mai. 23a, 10:31

Minutuko isilunea gorde zen 39 urtez mediku izandako Pilar Martinez Jimenezen omenez eta bi desfibriladore martxan jarri zituzten

Egun borobila izan zuten larunbatekoa Sunbillan, osasunaren aldeko eguna. Martxari hasiera eman baino lehen minutu bateko isilunea egin zuten, 39 urtez herriko medikua izan zen Pilar Martínez Jimenezen oroimen gisa eta bi globo, urdina eta arroxa, aireratu zituzten. Argazkiak: Maider Petrirena

Martxa arroxa eta urdinarekin abiatu ziren plazatik eta estazioko pisuetarako bidean, labaderoan, lehen geldialdia egin zuten, bertan dagoen desfibriladorea martxan jartzeko. Ondotik estazioko pisuetatik, Juanemeneko iturritik pasatuz, goiko auzora joan ziren eta handik zubi zaharra gurutzatuz, herriko kale nagusira. Bertan, bertze geldialdia egin eta udaletxeko atalpean, bigarren desfibriladorea martxan jarri zen. Martxan jartzea, Ramon Camposek egin zuen. Hau Madriletik orain hiru hilabete ikastaro bat ematera etorri zen eta larunbatean Osasunaren eguna zela eta desfibriladoreak martxan jarri eta sunbildarrekin batera besta ederraz gozatzera etorri zen, baita bigarren ikastaro bat ematera ere. Martxa akitutakoan, haurrak murala margotzera joan ziren eta bitartean helduek Saray elkarteko kideek emandako hitzaldi ederra aditzeko aukera izan zuten.

175 lagun bazkaltzen

175 lagunek eliz atarian eskainitako bazkariaz eta giro ederraz gozatzeko aukera izan zuten. Tartean sari ederrak zozketatu zituzten eta bingoa ere izan zuten. Gaztetxoenek ere dantza egiteko aprobetxatu zuten musikaz lagundurik. Arratsalde partean, Ramonen eskutik, bihotzeko baten aurrean eta itotzen ari den baten aurrean nola jokatu ikasteko aukera izan zen. Gaztaren pisaketa eta arratsaldeko bingoaren txanda ere ailegatu zen. Parte hartze haundia izan zen guztietan eta sariak ezin hobeak.

Taloak dastatzeko aukera ere izan zen. Sorpresa ere jaso zuen beti taloak egin eta zerbitzatzeko prest dagoen taldeak. Taula gainera igo eta bakoitzari mandarra xuri bat oparitu zieten. Ondorengoa Jartzen du mandarrean: “Eskerrik asko umorez eta alaitasunez egiten duzuen lanarengatik”. Taloak dastatu eta tragoak edan bitartean mariatxiak aditu eta dantzatzeko aukera izan zen Chuchin Ibañez eta Jesus Tapizen eskutik.

Enkantean 1.530 euro

Osasuna, Erreala, Athletic, Eibar, Ezkurdia, Altuna eta Zetak-en kamiseten truke enkantean parte hartzeko aukera 20:00etan akitu zen. Ondotik, Aitor Ibarra Jaliskok, emaitzak nola gelditu ziren aipatu zuen. Guztira 1.530 euro eskuratu dira bi elkarteei, Saray eta MPSri osorik emateko. Bi lote ederren zenbakiak ere atera zituzten eta Urko Gastearena eta Iñigo Caldererori egokitu zaizkie. Guztira 7.500 txartel saldu dira. Mariatxiak akitu eta giroak aitzinera segitu zuen gauerdira bitarte, Jaliskoren eskutik musika paratuz. Izugarria izan zen eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun