Mendaur nagusitu zaio Ekaitzari Malerrekako Erronkako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 23a, 08:41

Sunbillako pilotalekuan igandean jokatu ziren bi partidetako bana irabazi zuten, baina Mendaurkoek lau tanto gehiago egin zituzten

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Malerrekako erronka emakumeen pilota txapelketa arrakastatsuaren finala maiatzaren 22an, igande eguerdi beroan jokatu dute Sunbillako udal pilotalekuan Ekaitza eta Mendaur taldeek. Partida bana irabazi dute, baina azkenean Mendaur nagusitu da lau tantoko aldearekin.

Lau eta erdiaren barreneko lehian, Ekaitzako Iera Iturriaga leitzarrak 18-12 irabazi dio min hartutako Osesen ordez aritu den Irantzu Iantzi beratarrari. Beraz, Ekaitzakoek 17 tanto egitea aski zuten binakakoan txapela janzteko, baina ez dute posible izan. Mendaurko Arrietak eta Mujikak 22-12 irabazi diete Ekaitzako Naroa Etxekolonea eta Ane Mendiburu zubietarrei. Hortaz, txapeldun, Mendaur.

Garaikurrak banatzen Jon Telletxea, Malerrekako Mankomunitateko presidentea eta Ixaro Petrirena, Sunbillako udal zinegotzia izan ziren.

Ados pilota elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie Malerrekako Mankomunitateari «txapelketa eder hau antolatzeko aukera emateagatik eta gure pilota eskolako neska txikiei gure atzetik horrelako ilusioarekin ibiltzeagatik». Izan ere, finaleko partiden aitzinetik, txapelketako jaialdi guztietan bezala, Ados pilota eskolako neska gaztetxoek ere jokatu dituzte beraien partidak Sunbillan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun