Mendaur eta Ekaitza izanen dira aurrez aurre Malerrekako Erronkako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 16a, 11:00

Maiatzaren 22ko Sunbillako finalean izateko behar zuen puntua eskuratu zuen Mendaurrek larunbatean Urrozen

Larunbat arratsaldean jokatu zuten Urrozen Malerrekako Erronkako azken jardunaldia. Puntu bakarra aski zuen finalerako sailkatzeko eta horixe lortu zuen Mendaur taldeak. Beraz, Mendaur izanen da Ekaitzaren aurka datorren igande eguerdian Sunbillan jokatuko den final handian.

Lau eta erdiko partidan, Axkingo Ruiz de Infantek 18-5 irabazi zion Mendaurko Arrietari. Binakako partidan, ordea, Mendaur taldearekin aritu zen Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Mujikak, 22-8 irabazi zieten Axkingo Orbegozo eta Ainhoari.

Txapelketako partiden aitzinetik, beti bezala, eskualdeko pilotari gaztetxoak aritu ziren Urrozko pilotalekuan.

 

Finala maiatzaren 22an

Gauzak honela, maiatzaren 22an, igande eguerdian Sunbillan jokatuko den finalean Ekaitza (Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ane Mendiburu zubietarra) eta Mendaur (Arrieta, Oses eta Mujika) izanen dira aurrez aurre.

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Malerrekako erronka emakumeen pilota txapelketa arrakastatsua suertatzen ari da eta jende aunitz biltzen ari da Malerrekako eta Bertizaranako pilotalekuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun