Utergak eta Barricartek irabazi dute aurten ere Iruñerriko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 16a, 10:00
Uterga eta Barricart txapeldun eta Jabalera eta Ion txapeldunorde, ortziralean Atarrabian jokatutako finalaren ondotik.

Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek irabazi dute Iruñerriko II. Erremonte txapelketa. Ortziralean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan jokatutako finalean 35-29 irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Ioni.

Urdinak hobeki hasi ziren eta hamarnako lehen berdinketa arte aitzinetik izan ziren markagailuan. Nahiko parekatua joan zen zati horretan partida, Jabalerak abiadura eman zion pilotari eta hiru tantoko aldea hartu zuten urdinek (13-16),baina hemezortzinako berdinketaren ondotik gorriek hartu zuten agintea, batez ere Utergak egindako partida handiari esker eta Barricarten segurtasuna baliatuz. Lauzpabortz tantoko aldea lortu zuten eta zazpi tantoko alderik handienak (28-21, 29-22, 31-24). Azkenean, 35-29 nagusitu ziren gorriak eta, iaz bezala, txapeldun suertatu ziren Uterga eta Barricart.

Uterga eta Jabalera doneztebearrek lehia polita eskaini zuten aitzineko kuadroetan. Gazteak hamaika tanto egin zituen, baina beteranoa nagusitu zen.

Jaialdiko lehen partidan, Matxin III.ak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-33 irabazi zieten Beñat eta Olanori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun