Asteburu kultural bikaina izan dute Sunbillan

Maider Petrirena 2022ko mai. 16a, 09:00

Giro ederrean joan da asteburuan guraso elkarteak, Antrotokik eta udalak antolatutako Sunbillako Asteburu Kulturala. Jokuak, musika, otorduak, puzgarriak, tortilla lehiaketa, mendi itzulia… eguraldi ederra lagun ekitaldi guztiak ikusgarriagoak izan ziren. Argazkiak: Maider Petrirena, Jon Anzizar eta Goreti Anzizar

Ortziralean plazan jokuan hasi ziren asteburu kultural eder honetako ekitaldiak. Bertan haur, gazte eta helduek parte hartu zuten eta jokuekin gozatu ederra hartu zuten. 19:30 inguruan Hurih taldeko Pitxi eta Olaiaren eskutik kontzertu akustikoa izan zen plazan. Akitutakoan bokata jatea plazan. Aitor Ibarra Jaliskok paratitako musikaz gozatzeko aukera ederra ere izan zen. Gauean afari autogestionatua izan zuten Ulibeltzak elkartean.

Larunbateko ekitaldiak mus txapelketarekin abiatu ziren. Zortzi bikotek parte hartu zuten eta lehen biek sari ederrak eskuratu zituzten. Horrez gain, bikote txapelduna, Maria Jesus Iriartek eta Xabi Olazarrek osatutakoak, maiatzaren 28an Donamarian ospatuko den Malerrekaren egunean jokatuko den finalerako txartela lortu zuten eta beraiek izanen dira Sunbillako ordezkari.

Goiz eta atsaldez puzgarriak izan ziren. Eguraldi ederra lagun saltoka gozatu zuten neska-mutikoek. 14:00etan Bustitzen bazkaria izan zuten. Arratsalde partean tortilla lehiaketan sei taldek parte hartu zuten. Irabazleak Izaro Alzuri eta Xabi izan ziren. Ondotik, Aitor Ibarrak eta Jon Anzizarrek musika paratu zuten, bertan zeudenek musikaz eta dantzaz gozatzeko. Gau partean DJ Bullen eskutik giro paregabea izan zen.

Igandean ere,eguraldi ederra lagun izan zuten eta Zumalekurako mendi itzuliarekin hasi ziren. Zumalekun familia argazkia atera zuten. Eguerdian herrian barna gaiteroek giro ezin hobea jarri zuten.

Asteburu eder hau antolatu duten guztiei eta parte hartu duten guztiei eskerrak aunitz. Zorionak denei. Asteburu bikaina izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun