Aita Donostiak Iturengo arotza kanta bildu zuen eta, ondotik, Mikel Laboak, Oskorrik, Pottokak eta bertze hainbatek kantatu dute. Erramun Joakin Sunbil arotzaren bizitzako alderdi batzuen inguruko artikulua argitaratu du Andres Iñigok Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian.
Iturengo Berdabioa etxean jaio zen Erramun Joakin 1755eko azaroaren 6an eta Montevideon (Uruguai) hil zen 1821eko urriaren 8an, 65 urte zituenean. Bien bitartean, bi aldiz ezkondu zen (Donamariako Joana Mari Ezponda lehen emaztearekin sei seme-alaba izan zituen eta alargundu eta gero, Iturengo Maria Josefa Ayoroa bigarrenarekin alerik ere ez, baina bi ezkontzetatik kanpo ere bertze seme bat izan zuen) eta bere bizitzan gertatutako zenbait pasadizo ere zehatz dokumentatu ditu Andres Iñigok aldizkarian.