Bi urte beranduago bada ere, Donamariak hartuko du Malerrekako Eguna maiatzaren 28an

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 13a, 09:00
Malerrekako Egunaren aurkezpena egin zuten ortzegunean Mankomunitateko egoitzan. Hainbat alkate eta zinegotzi izan ziren.

80 urtetik goitiko 25 herritar omenduko dituzte eta Oizek hartuko du 2023ko ospakizunerako lekukoa

2019an ospatu zen Ezkurran Malerrekako Egunaren zortzigarren edizioa. Orduan Donamariari eman zioten 2020ko ospakizuna antolatzeko lekukoa. Bi urtez ez da ospatzerik izan, baina berriz ere Malerrekako Eguna antolatu du Malerrekako Mankomunitateak eta maiatzaren 28an izanen da Donamarian. Halaxe iragarri zuten maiatzaren 12an Mankomunitatearen egoitzan. Jon Telletxea, Mankomunitateko presidente eta Beintza-Labaiengo alkateak eta Natalia Rekarte Donamariako alkateak eman zuten ospakizunaren berri eta beraiekin batera, Malerrekako hainbat herritako alkate eta udal ordezkariak izan ziren ekitaldian.

Jon Telletxea, Malerrekako Mankomunitateko presidenteak aipatu zuenez, «izan dugun egoeragatik bi urtez huts egin ondotik, berriz ere buru-belarri murgildu gara Malerrekako herrien arteko anaitasun besta izan nahi duen ospakizun honen antolaketan».

Natalia Rekarte, Donamariako alkateak, Malerrekako Egunaren berezitasuna azpimarratu zuen, «Malerrekako herritar garen guztiak batzen gaitu, bereziki gure herrien arteko elkarlana, auzolana, elkar gehiago ezagutzea eta gure arteko harremanak sakontzea du helburu. Hori pixkanaka-pixkanaka lortzen ari gara eta fruituak ematen ari da, bide horretan segitu behar dugu. Herri guztien artean prestatzen den eguna da, herri bakoitzak ekarpenen bat egiten du, nahiz eta urtero herri ezberdinetan antolatu».

Duela bi urte izan behar zen Donamariako ospakizuna, «baina ezin izan da eta aurten gogotsu gaude ospatzeko. Ea eguraldiak laguntzen duen, hori ere garrantzitsua izaten baita gure bailaran. Baina datorrena datorrela, eginen dugu nolabait ere».  

Maiatzeko azken larunbateko Malerrekako Egunari nolabait asteburu honetan emanen zaio hasiera, orduan jokatuko den Malerrekako IX. Mus txapelketaren finalerako sailkatzeko herriz herriko txapelketak jokatzen hasiko baitira.

Malerrekako Egunaren aurrekontua 6.000 eurotik goitikoa izanen da eta finantziazioan laguntzeko bertako produktuen zare baten zozketa ere eginen dute. Horretarako txartelak salgai paratuak dituzte dagoeneko herriz herri.

Natalia Rekarte, Donamariako alkatea eta Jon Telletxea, Malerrekako Mankomunitateko presidentea, maiatzaren 28an Donamarian ospatuko den Malerrekako Egunaren aurkezpenean.

 

Eskertzak

Natalia Rekartek eskertu nahi izan zituen egun hau aitzinera ateratzen laguntzen duten hainbat lagun, erraterako, «Malerrekako eguneko ikurra den zurean, urtero-urtero Zubietako Migel Arregik lantzen duen herri antolatzaileko armarria, adineko eskulangilea da eta eskertzekoa da bere ekarpena. Eskerrak eman Mendaur trikitixa-pandero eskolari, Doneztebeko txistulari eta gaiteroei, Erreka dantza taldeari, dantzari ttikiei, Sunbillako dantzariei, Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunei, Beintza-Labaiengo aizkolariei, Gazte Burrunba taldeari, inguruko eskulangileei, Donamariako gaztetxoei, inplikazio handia izan dutelako, buruhandiak direla eta haurrekin egin diren tailerretan eta auzolanetan parte hartuz, eta, nola ez, parte hartu duten eta parte hartuko duten Malerrekako herritar guztiei, egun hau burutzea posible egiten dutelako, Beraiek gabe ezinezkoa izanen litzateke horrelakorik egitea. Egun honek ederki erakusten digu auzolana eta elkarlana ezinbertzekoak direla gure herriak bizirik mantentzeko». Heldu den urteko Malerrekako Egunerako lekukoa Oizek hartuko du maiatzaren 28ko ospakizunean.

 

Egitarau zabala

Maiatzeko azken larunbatean, beraz, 10:30ean, harrera ekitaldia eginen dute Donamariako plazan. Herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari. Donamariako udalak herriko zaharrenei, 80 urte baino gehiago dituzten 25 herritarrei, omenaldia eskainiko die, «gure herriak babestuz eta zainduz egin dituzten lanak eskertu nahian». Malerrekako musikariak ibiliko dira herrian barna.

Aitzinetik, 08:00etan Malerrekako gazteen mendi martxa abiatuko da Doneztebeko Merkatuko Plazan. Ibilbideari dagokionez, Uraren Bidetik Ameztira igo, Oitzera jaitsi eta Donamarian bukatuko dute.

11:00etatik 14:00etara artisauak eta talogileak izanen dira plazan. Horrekin batera bertzelako animazioak ere izanen dira. 11:00etatik 12:00etara dantzariak izanen dira plazan. 12:30etik 13:30era buruhandiak ibiliko dira herrian eta aizkora apustua ere eginen dute: Jazinto Etxekonanea, Mikel Indakotxea, Jexux Etxeberria eta Jon Telletxea ariko dira. 14:00etan paella jatea izanen dute plazan. Denera 300 paella errazio egitea aurreikusten dute, eta horrekin batera postrea ere banatuko dute. 16:30etik 19:00etara Hauspolariek musika taldeak joko du plazan. 17:00etatik 19:30era berendua (txokolatada) eta umeentzako jokoak eta tailerrak frontoian eta buruhandiak ere kalejiran aterako dira. 19:00etan Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunek joareak astinduko dituzte. 19:30ean zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute eta Oizko herriari datorren urteko antolaketarako lekukoa pasatzeko ekitaldia. Eguna akitzeko, 21:30ean herri afaria eginen dute Herriko Ostatuan. Afarirako txartelak Donamariako Herriko Ostatuan eskura daitezke. 23:30ean Gabezin musika taldearekin erromeria izanen da plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun