Uterga eta Jabalera aurrez aurre izanen dira gaur Iruñerriko erremonte txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 13a, 08:00
Uterga, Barricart, Jabalera eta Ion, gaur Atarrabian jokatuko den finaleko protagonistak.

Barricart eta Ion izanen dituzte lagun gibeleko koadroetan, 18:30ean Atarrabian hasiko den jaialdiko bigarren partidan

Iruñerriko II. erremonte profesionaleko txapelketako finala jokatuko dute gaur 18:30ean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan hasiko den jaialdian. Xanti Uterga eta Aimar Jabalera doneztebarrak aurrez aurre izanen dira aitzineko koadroetan, maisua eta ikaslea, beteranoa eta 19 urteko hasiberria, bere lehen finalean. Barricart eta Ion izanen dituzte atzelari, hurrenez hurren.

Ligaxkan elkarren kontra jokatu zuten partidan Jabalera eta Ion nagusitu ziren, 35-31 Uharteko Toki-Alai pilotalekuan. Baina finalak ez du, seguruenik, partida harekin zerikusirik izanen. Izan ere, Uharteko pilotalekuak 34 metro luze ditu eta Atarrabiakoak 43 metro, hiru koadro gehiago. Beraz, materiala eta erabiliko dituzten estrategiak ezberdinak izanen dira, seguruenik.

Finala gaur 18:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da. Aitzinetik, Matxin III.a eta Aimar Saldias oiztarra, Beñat eta Otanoren kontra ariko dira.

Txapelketa osoan bezala, finaleko sarrerekin biltzen den dirua ADANO elkartearen alde izanen da, baina SOS Ucrania elkartearekin erdibana eginen dute. Hortaz, sarreran 10 euro ordaindu beharko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun