Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Malerrekako erronka emakumeen pilota txapelketa azken txanpan sartu da. Lehen faseko azken jardunaldia maiatzaren 14an, larunbatean, jokatuko dute Urrozen eta bertan erabakiko da Ekaitzaren kontra finala jokatuko duen taldea zein izanen den.
Maiatzaren 14an, larunbatean 19:00etan ariko dira profesionalak, Mendaur (Arrieta, Oses eta Mujika) eta Axkin (Orbegozo, Ruiz de Infante eta Naroa Agirre) aurrez aurre. Axkinek ez dauka finalerako sailkatzeko aukerarik, puntu alerik ere ez baitu oraindik. Mendaurrek, aldiz, hiru puntu ditu, azken jardunaldian jokatuko ez duen Xarutak bezalaxe. Hortaz, partida bakar bat irabaztea aski izanen du Mendaurrek finalerako sailkatzeko. Biak galduko balitu, tantoen aldeak erabakiko luke afera Mendaur eta Xarutaren artean. Aitzinetik, beti bezala, eskualdeko gaztetxoen arteko pilota partidak jokatuko dituzte.
Maiatzaren 22an finala Sunbillan
Urrozko emaitzaren arabera, erabakia geldituko da maiatzaren 22an, igande eguerdian Sunbillan jokatuko duten finaleko protagonista zein izanen diren. Ekaitza (Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ane Mendiburu zubietarra) esperoan dituzte,