Iruñerriko II. erremonte profesionaleko txapelketaren bosgarren jardunaldia jokatu zen ortziralean. Jaialdiko bigarren partida zen erabakigarria finala osatzeko eta Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek ez zieten aukerarik eman Zeberio II.a eta Otanori. 35-23 irabazi zuten eta maiatzaren 14ko finalerako falta zen txartela lortu zuten.
Jaialdiko lehen partidan, astebete lehenago finalerako sailkatu ziren Aimar Jabalerak eta Ionek 26-35 galdu zuten Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra.
Finala maiatzaren 14an Atarrabian
Gauzak honela, ligaxkan lehenbizikoak gelditu dira Uterga eta Barricart 13 punturekin eta bigarren Jabalera eta Ion, 12 punturekin. Bi bikoteen arteko finala maiatzaren 14an jokatuko dute Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, 17:00etan hasiko den jaialdian.