Hamabi ahari aurkeztu dituzte Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 6a, 15:00

Malerrekako ahari lehiaketan saritutako buruak, artzainekin, epaimahaiko kideekin eta udal ordezkariekin. Argazkia: Alicia del Castillo

Mutur beltzetan Donamariako Zabaltenekoak eta mutur gorrietan Iturengo Zubialdekoak lortu dute lehen saria

Doneztebeko Udaberriko feria hamalaugarren  aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 6an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. Bederatzi artzainek hamabi ahari aurkeztu dituzte lehiaketara, 2019an azken edizioa egin zenean baino lau gehiago.

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara hamalaugarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten hamabi aurkeztu dira lehiaketara, bederatzi artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, hiru ahari muturbeltz eder aurkeztu ziren. Horien artean, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria eta 70 euroko bigarrena. Hirugarren saria, 50 euro, Donamariako Porotxeneko Jose Miguel Lasagaren ahariarendako izan da.

Mutur gorrien atalean bederatzi buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Iturengo Zubialdeko Isidro Bazterrikak aurkeztutako ahariarentzat izan da. Bigarren saria Zubietako Txekeneko Mikel Mendiburuk eskuratu du eta hirugarrena Doneztebeko Elbistegiko Koro Antxorenaren ahariak. Alfredo Basterra albaitariak, Pedro Jose Martin Doneztebeko tratanteak eta Patxiku Mitxelena zubietarrak osatu dute epaimahaia. Sariak banatzen Pello Grazenea zinegotzia aritu da.

Eguraldiak lagundu du eta giro polita sortu da plazan.  Argazkia: Alicia del Castillo

 

Eskulangileak eta behi eta zaldi aziendak

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu da ortzirale eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi eta zaldiekin, baita astoren batekin ere. Gainera, azken urteetan bezala, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu diren eskualdeko eskulangileek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dedin. Eskulangileei dagokienez, Doneztebeko Jose Luis Olaizolaren grabatuak, Doneztebeko Lourdes Goñiren etxeko goxokiak, Zubietako Joxepa Loiarteren taloak, Urrozko Marimar Torresen kosmetika naturala, Zubietako Luis Mari Esarte, Iraizotzeko Ana Urteaga eta Elgorriagako Miguel Etxeberriaren egur-lanak, Zubietako Larraitz Peralen arropak, telazko poltsak eta panpinak, Berako Haizea Belarraren eztia, Lesakako Haizea Irigoienen kosmetika naturala, Lesakako Maite Abuinen koadernaketak eta Doneztebeko Noelia Ariztiaren eta Eratsungo Malu Alvarezen zilar-lanak plazaratu dituzte, bertzeak bertze. 

Bide seguruak ezagutzeko kalejira arratsaldean

Behin aziendak baserrietako belai eta heietara bilduta, arratsaldean ospakizunekin segituko dute Donezteben, udalak eta San Migel eskolako guraso elkartearekin elkarlanean zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Honela, 16:30ean eskolarako bide seguruen ibilbideak erakusteko kalejira eginen dute. Kalejira eskolan akituko dute eta bertan txokolatea banatuko dute eta haurrendako jokoak eta musika izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun