Iruñerriko II. erremonte profesionaleko txapelketaren bosgarren jardunaldia jokatuko da ortzirale honetan, maiatzak 6, 18:30ean hasita Iruñerriko Labrit pilotalekuan. Jakina denez, joan den larunbatean Antsoainen finalerako lehen txartela lortu zuten Aimar Jabalera doneztebarrak eta Ionek, baina bigarrena jokoan izanen da. Izan ere, ortziraleko jaialdiko bigarren partidan elkarren kontra ari dira Zeberio II.a eta Otano, eta Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart. Irabazleek jokatuko dute Jabalera eta Ionen kontrako finala, maiatzaren 14an.
Jaialdiko lehen partidan, Jabalera eta Ion, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira, jokoan deus ez dutela. Izan ere, lehenbizikoak finalean daude eta bigarrenak aukerarik gabe ailegatu dira azken partidara.
Ohi bezala, jaialdia ADANO elkartearen aldekoa izanen da, baina aldi honetan SOS Ukraina elkartearekin erdibana. Horregatik, sarrera 10 euro ordainduko da.