Malerrekako erronkako pilota jardunaldia azkenean larunbatean jokatuko dute Zubietan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 4a, 13:00
Malerrekan errespetuzko harremanen aldeko kanpainaren barrenean antolatutako pilota txapelketa arrakastatsua suertatzen ari da.

Aldaketa egin dute eta berez Urrozen ortziralean egitekoa zen jardunaldiaren ordez jokatuko dute, iragarritako eguraldi ona aprobetxatuz

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Malerrekako erronka emakumeen pilota txapelketako azken bi jardunaldietan aldaketa izan da. Berez ortziralean jokatzekoa zen azken-aurreko jardunaldia Urrozen, baina Zubietan jokatuko dute larunbatean 17:30ean, Ekaitza (Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ane Mendiburu zubietarra) eta Axkin taldeek (Orbegozo, Ruiz de Infante eta Naroa Agirre). Zubietako frontoia da irekia den bakarra eta asteburu honetarako eguraldi ona iragarria dagoela aprobetxatuz, datak aldatzea erabaki dute.

Txapelketa honetako jardunaldi guztietan bezala, profesionalen arteko bi partida jokatuko dituzte, binaka 22 tantora eta lau eta erdiaren barrenean 18 tantora. Gainera, profesionalen aitzinetik, inguruko pilotari gaztetxoak jokoan ikusteko aukera ere izanen da.

 

Azken jardunaldia Urrozen, finala Sunbillan

Zubietako larunbateko jardunaldiaren ondotik, Urrozen jokatuko dute ligaxkako azken jardunaldia maiatzaren 14an eta orduan erabakiko da maiatzaren 22an Sunbillan jokatuko den finalean zein talde izanen diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun