Bi urteko geldialdiaren ondotik, maiatzaren 6an (ortziralean) Merkatuko plazan ospatuko da Udaberriko Feria, Doneztebeko Udalak eta Cederna Garalur elkarteak antolatua. Ohi bezala, Malerrekako ahari lehiaketa ere egun horretan erabakiko da. Aurten, hamalaugarren edizioa beteko du lehiaketak.
Ortziralean 11:00etatik 13:30era epaimahaikoek ekarritako ahariak aztertuko dituzte, ondotik sariak banatzeko. Sei sari banatuko dituzte: hiru ahari mutur gorriendako eta hiru mutur beltzendako. Kategoria bakoitzean lehendabiziko saria eskuratzen dutenek 120 eurona irabaziko dituzte, bigarren saria lortzen dutenek 70 eurona eta hirugarren saria irabazten dutenek 50na. 2019ko azken edizioan zortzi ahari bertzerik ez ziren aurkeztu.
Eskulangileak ere
Lehiaketa honetaz gain, azken urtetan bezala, 10:00etatik 14:00etara Malerrekako eskulangileen feria ere eginen da eta beraien produktuak ikusgai eta erosgai izanen dira.
Zehazki, Doneztebeko Jose Luis Olaizolaren grabatuak, Doneztebeko Lourdes Goñiren etxeko goxokiak, Zubietako Joxepa Loiarteren taloak, Urrozko Marimar Torresen kosmetika naturala, Saldiasko Ahinitz Gerrikagoitiaren jantzi-osagarriak, Luis Mari Esarte, Ana Urteaga eta Miguel Etxeberriaren egur-lanak, Larraitz Peralen arropa panpinak, Haizea Belarraren eztia, Haizea Irigoienen kosmetika naturala, Maite Abuinen koadernaketak eta Doneztebeko Noelia Ariztiaren eta Eratsungo Malu Alvarezen zilar-lanak plazaratuko dituzte, bertzeak bertze.
Bide seguruak ezagutzeko kalejira arratsaldean
Arratsaldean ospakizunekin segitu nahi du udalak eta San Migel eskolako guraso elkartearekin elkarlanean zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Honela, 16:30ean eskolarako bide seguruen ibilbideak erakusteko kalejira eginen dute. Kalejira eskolan akituko dute eta bertan txokolatea banatuko dute eta haurrendako jokoak eta musika izanen dituzte.