Aimar Jabalera erremontista doneztebarrak bere lehen finala jokatuko du maiatzanen 14an Atarrabian. Hain zuzen, larunbatean Antsoainen jokatutako Iruñerriko II. erremonte txapelketako laugarren jardunaldian garaipena lortu zuen Ionekin, Zeberio II.a eta Otanoren kontra (35-29). Jokatutako hiru partidak irabazi dituzte eta azken jardunaldikoa soberan dute finalerako sailkatzeko.
Bertze aldean, Antsoainen galdu egin zuten Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak Matxin III.a eta Agirrezabalaren kontra, 30-35. Bi bikote hauek txapelketatik kanpo gelditu dira.
Bigarren txartela ortziralean
Gauzak honela, finalerako bigarren txartela jokoan izanen dute ortzirale honetan, maiatzak 6, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bosgarren jardunaldian elkarren kontra ari dira Zeberio II.a eta Otano, Xanti Uterga doneztebarraren eta Barricarten kontra eta irabazleak jokatuko du Jabalera eta Ionen kontrako finala. Jaialdiko bigarren partidan, Jabalera eta Ion, Otxandorena eta Saldiasen kontra ariko dira, deus jokoan ez dutela.