Malerrekako pilota erronka berdindua izan dute Saldiasen ere

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 2a, 09:00

Ekaitzak eta Mendaurrek partida bana irabazi dute, baina Ekaitzak tanto gehiago egin ditu

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, Malerrekako Erronka pilota txapelketa antolatu dute, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin. Ezkurran, Donamarian eta Legasan jokatutako jardunaldien ondotik, Ekaitza eta Mendaur taldeak izan dira aurrez aurre maiatzaren 1ean, igande eguerdian Saldiasko pilotalekuan.

Ekaitza taldearekin, Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta Ane Mendiburu zubietarra aritu dira eta Mendaur taldearekin, Arrieta, Oses eta Mujika. Binakako partida Mendaurko Arrietak eta Mujikak 22-16 irabazi zieten Etxekolonea eta Iturriagari. Lau eta erdikoaren barrenekoa, aldiz, Ekaitzako Mendiburuk 18-9 irabazi zion Osesi. Hortaz, hiru tanto gehiago egin zituen Ekaitzak.

Profesionalen arteko partiden aitzinetik, jaialdi guztietan ohikoa denez, eskualdeko pilotari gaztetxoen arteko partidak jokatu zituzten Saldiasko pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun