Iruñerriko II. erremonte profesionaleko laugarren jardunaldia jokatuko dute larunbatean Antsoainen

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 29a, 13:00
Ionek eta Jabalerak larunbateko partidua irabazten badute finalean izanen dira.

Hasierako faseko azken-aurreko jardunaldia erabakigarria suerta daiteke

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Iruñerriko II. Erremonte Profesionaleko Txapelketako laugarren jardunaldia jokatu dute apirilaren 30ean, larunbatean 17:00etan Antsoaingo Idaki pilotalekuan. Lehen partidan, Zeberio II.a eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira. Bigarren partidan, Matxin III.a eta Agirrezabala, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Aimas Saldias oiztarraren kontra.

Sailkapenari begira, ez dute zerikusirik bi partida hauek. Gaur gaurkoz Utergak eta Barricart dira lider, 9 punturekin, baina asteburu honetan atseden dutenez, lidergoa galduko dute. Izan ere, Jabalera eta Ion eta Zeberio II.a eta Otano zortzina punturekin berdinduak daude bigarren postuan eta larunbatean Antsoainen elkarren kontra ari direnez, irabazleek lidergoa hartuko dute eta finalean izateko urrats handia emanen dute. Are gehiago, Jabalera eta Ionek irabaziko balute finalean izanen lirateke, azken jardunaldian Uterga eta Barricart, Zeberio II.a eta Otanoren kontra ariko baitira.

Otxandorena-Saldias eta Matxin III.a eta Agirrezabala bikoteek, aldiz, puntu bana dute eta hauek ere elkarren kontra jokatuko dute. Gipuzkoarrek dagoeneko ez dute finalerako sailkatzeko inolako aukerarik, jokatu dituzten hiru partidak galdu egin baitituzte eta larunbatekoa dute azkena. Malerrekakoek oraindik aukeratxoren bat izan nahi badute irabazi egin beharko dute nahitaez.

Txapelketa osokoak bezala, larunbateko jaialdia ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da eta 5 euro ordaindu beharko da sarreran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun