Donamarian mendiari su eman ziotenak direlakoan, Foruzaingoa Malerrekako bi bizilagun ikertzen ari da

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 27a, 13:30
Atestatua Iruñeko guardiako epaitegira eta Nafarroako Ingurumen Fiskaltzara bidali du Foruzaingoak.

Foruzaingoa Malerrekako bi bizilagun ikertzen ari da, pasa den martxoaren 21ean Donamarian mendiari su-emate delitu bat egotzita. Sute haren ondorioz, Donamariako Etxindegi eta Larrameaka parajeetan 20.000 metro koadro erre ziren.

Hiru suteren berri emanez martxoaren 21ean herritar batek 112 telefonora egindako deiaren ondotik hasi zen Foruzaingoaren Ingurumen Ikerketa Taldeak egindako ikerketa. Denera 20.000 metro karratu inguru kaltetu zituen suteak, sastrakak, sasiak eta larreak nagusiki.

Larreak erretzeko baimena tramitatzea beharrezko da

Larreak hobetzeko eta mendiko sasiak garbitzeko sua erabiltzea onartua dago baldin eta, lehendik, legeak dioena betez, baimen berezia eskatzen baldin bada Herriko Etxean. Baimen horrek bermatuko du larre-erretzea behar den kontrol eta segurtasunarekin eginen dela, suhiltzaileak etorriko direla sua kontrolatzera behar adina baliabide eta bitartekorekin, baldintza klimatiko jakin batzuetan eginen dela eta ordu zehatz batzuetan.

Horrela egiten ez baldin bada, Zigor Kodeak aurreikusten du su-emaileei urtebetetik bortz urte arteko espetxealdi zigorra eta hamabi hilabetetik hemezortzi hilabete arteko isuna ezartzea.
 
Zigor horiek areagotu egin daitezke baldin eta pertsonen bizitzarako edo osotasun fisikorako arriskua sortu bada, kaltetutako azaleraren garrantzia handia bada, mendian sute horrek higadura-ondorio handiak edo larriak eragiten baditu, animalien edo landareen bizi-baldintzak aldatzen baditu, naturgune babesturen bati eragiten badio edo biztanle-guneetatik edo jendea bizi den lekuetatik hurbil dauden eremuei eragiten badie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun