Apirila eta maiatza lotzen dituen astebururako kultur ekitaldiak antolatu dituzte Donamarian. Asteburu osorako egitaraua izanen da, haur zein helduentzako. Ortziralean, apirilaren 29an, hasiko da egitaraua talo prestatzea eta jatearekin. Plazan eginen dute 19:00etan hasita.
Ruper Ordorika larunbatean
Larunbatean izanen du jarraipena egitarauak Ruper Ordorika abeslari oñatiarraren kontzertuarekin. 19:30ean izanen da emanaldia Jauregian eta Amours eta Toujours bere azken diskoa aurkeztuko du bakarka. Jauregiko ateak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dituzte publikoarentzat.
Txotxongiloak igandean
Asteburuko ekitaldiekin bukatzeko, Ostomila txotxongilo taldearen Alaia Galtzagorria: Mitoen bidaia ikuskizuna izanen da maiatzaren 1ean, igandean 17:00etan plazan. Euskal Mitologia eta musika herrikoia zuzenean nahasten ditu emanaldiak, txotxongiloen bidez musika klasikoa haurrengana hurbiltzea du helburu. Emanaldiaren ondotik, haurrentzako txokolatada izanen da plazan.