Malerrekako pilota erronka berdindua izan zen igandean Donamarian

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 19a, 08:00

Partida bana irabazi zuten Ekaitza eta Xaruta taldeek eta aitzinetik eskualdeko pilotari gaztetxoak aritu ziren

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, Malerrekako Erronka pilota txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten igandean Donamarian. Xaruta eta Ekaitza izan ziren aurrez aurre, beraz, eskualdeko lau pilotari lehian ikusteko aukera izan zuten Donamariako pilotalekua bete zuten ikusleek.

Izan ere, Xaruta taldearekin, Irantzu Iantzi beratarrarekin batera, Ruiz de Larramendi eta Aldaregia ari dira eta Ekaitza taldearekin Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta aita zubietarra duen Ane Mendiburu. Hain zuzen, lau eta erdiaren barreneko partidan 18-9 irabazi zion Ekaitzako Mendiburuk Xarutako Iantziri. Binakako partidan, aldiz, Ekaitzako Etxekoloneak eta Iturriagak 18-22 galdu zuten Aldaregia eta Ruiz de Larramendiren kontra. Hortaz, partida bana irabazi zuten bi taldeek, baina bortz tanto gehiago egin zituzten Ekaitzakoek. Profesionalen arteko partiden aitzinetik, eskualdeko pilotari gaztetxoen arteko partidak jokatu zituzten.

Apirilaren 23an Legasan

Malerrekako erronkako hirugarren jardunaldia apirilaren 23an, larunbatean 19:00etan hasita jokatuko dute Legasako pilotalekuan. Axkin (Orbegozo, Ruiz de Infante eta Naroa Agirre) eta Xaruta (Iantzi, Aldaregia eta Ruiz de Larramendi) izanen dira aurrez aurre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun