Info gida 2022

«Hirugarren belaunaldia gara jatetxea eta ostatua eramaten»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 16a, 12:00

1909an ireki zuen Gorostiagaren attonak Barranka Ezkurran, «garai hartan taberna, jatetxea, denda, logelak… dena bat zen. Gerra Zibileko garaian hemen ostatu hartu zuen aita Barandiaranek, eta hemendik egin zuen eskapo Iparraldera». Orain hirugarren belaunaldiak eramaten du ostatua, Jose Luis Gorostiaga eta Reyes Goñi senar-emazteak.

Parrillarekin «lan asko» egiten dute; «arraina, txuletak… axuria baratxuriarekin Malerrekako txilindron erara eta baserriko oilaskoa dira gehien eskatzen dizkiguten platerak». Jatetxeaz gain, bost gela dituzte, denetara hamar lagunentzako tokiarekin, «gela bakoitza bere komun eta telebistarekin».

Bisitariei inguruko informazioa ematen diete, zer ikusi, nora joan… «Aste Santuan jende asko etortzen da eta hortik aurrera udazkenera arte betea egoten da beti. Maiatzean Europako jende asko etortzen da motoan, Kataluniatik Pirinioetara sartu eta hemendik buelta emanez. Udan leku guztietako jendea etortzen da; Euskal Herria, Katalunia, Madril, Andaluzia… baita urrunagotik ere; Alemania, Estonia, Estatu Batuak, Kanada, Hong Kong… uda partean mugimendu handia izaten da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun