Malerrekako pilota erronka igandean ailegatuko da Donamariara

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 14a, 13:00
Ezkurran larunbatean jokatutako lehen jardunaldiaren ondotik, igandean Donamarian jokatuko dute Malerrekako Erronkako bigarrena.

19:00etan Xaruta eta Ekaitza izanen dira aurrez aurre bigarren jardunaldian eta aitzinetik eskualdeko pilotari gaztetxoak ariko dira

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barrenean, Malerrekako Erronka pilota txapelketa antolatu dute, zazpi herritako udalen eta Doneztebeko Santamaria jatetxearen eta Ttipi-Ttapa Fundazioaren laguntzarekin. Joan den larunbatean Ezkurran jokatutako lehen jardunaldiaren ondotik, apirilaren 17an, igandean 19:00etan Donamarian jokatuko dute bigarren jardunaldia. Xaruta eta Ekaitza izanen dira aurrez aurre, beraz, eskualdeko lau pilotari lehian ikusteko aukera izanen da. 

Izan ere, Xaruta taldearekin, Irantzu Iantzi beratarrarekin batera, Ruiz de Larramendi eta Aldaregia ari dira eta Ekaitza taldearekin Iera Iturriaga leitzarra, Naroa Etxekolonea zubietarra eta aita zubietarra duen Ane Mendiburu. Binaka partida bat 22 tantora eta lau eta erdiaren barrenean 18 tantora jokatuko dituzte. Profesionalen arteko partiden aitzinetik, 18:00etan eskualdeko pilotari gaztetxoen arteko partidak jokatuko dituzte Donamariako pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun