Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Iruñerriko II. Erremonte Profesionaleko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute apirilaren 16an, larunbatean 17:00etan hasita Zubiriko Esteribar kiroldegiko pilotalekuan. Lehen partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira. Bigarren partidan ere izanen da eskualdeko erremontista bat: Matxin III.a eta Agirrezabala, Aimar Jabalera eta Ionen kontra ariko dira.
Joan den larunbatean Ezkabarten jokatutako lehen jardunaldian garaile izan ziren Uterga eta Barricart eta galtzaile Otxandorena eta Saldias. Jabalera ez zen aritu lehen jardunaldian eta Ionekin batera, galtzaile izandako Matxin III.a eta Agirrezabal izanen dituzte arerio.
Txapelketa osoko jaialdiak bezala, Zubirikoa ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da eta 5 euro kobratuko dituzte sarreran.