Koteto EZKURRA

«Gustura bizi banaiz, zer gehiago eskatuko dut?»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 17a, 10:00

Koteto EZKURRA ZUNZARREN, Doneztebeko erremontista ohia

Buruz buruko hamaika txapel eta binakako bortz. Palmares ederra lortuta hartu zuen erretiroa historiako erremontistarik onenetarikoak edo onenak: Koteto Ezkurra Zunzarrenek (Doneztebe, 1973). 2018ko urrian omenaldi hunkigarriarekin agurtu zuen 28 urtez bere egunerokoa izan zena. Geroztik erremontea ardo kontuekin ordezkatua du.

16 urte baino ez zituenean debutatu zuen profesionaletan Ezkurrak, eta 28 urte eman zituen goi mailan. Umoretsu dio «ume baten buruarekin hasi nintzela pilota munduan, eta komatxo artean hor gizondu nintzela». Orduko «hagitz oroitzapen onak» ditu bihotzean, eta «zorteko» sentitzen da «gustatzen zaizun eta balio duzun horretara dedikatzeko aukera» izan duelako. «Beti ikaragarrizko afizioa izan dut eta horregatik sentitzen nintzen hain ongi frontoian».

«Ez nuen sekula penarik sentitu ezin izan nuelako nire lagunek bezala besta egitera atera»

Orduan sentitzen zituen «ardura eta presioa» ere gogoan ditu, baina argi zuen bidea. «Batzuetan besta egitera ezin nuela atera eta pena zela erraten zidaten, baina ni nire lanarekin konbentzitua nengoen, eta ez nuen sekula penarik sentitu ezin izan nuelako nire lagunek bezala atera. Nire bizitza bertze modu batera antolatu nuen». Eta dinamika hark fruituak eman zituen, eta horren seinale izan zen lortutako txapel multzoa. «Hagitz harro nago egin dudan ibilbidearekin. Gauzak ongi egin ditut, gaizki ere bai, eta batzuk zuzendu behar dira, baina ez naiz batere damutzen».

Palmaresetik harago, pilotazaleen maitasuna eta hurbiltasuna bereganatu zituen Doneztebeko erremontista handiak. Horren lekuko izan ziren 2018ko urriaren 6an Hernaniko Galarreta eta Doneztebe Ezkurra frontoietan egindako agurrak: «Izugarria izan zen, despedidak zapore hagitz ona utzi zidan, aunitz bete ninduen».

2018ko urrian Hernaniko Galarretan egindako agurrean hartutako irudia.

«Bizitza osoa frontoian» pasatu ondotik «buelta gehiegi eman gabe» hartu zuen erremonte profesionala uzteko erabakia: «Egun batetik bertzera izan zen. Bi lagun-minekin nintzela, uztea pentsatu nuela komentatu nien, uda gozatzeko aprobetxatu eta utzi behar nuela, nahikoa nuela». Eta halaxe egin zuen. Ordurako «jokatzeko gosea» galtzen hasia omen zen: «frontoian gustura aritzen nintzen, baina barrenean ez nuen ordura arte nuen gogorik sumatzen, kostatzen zitzaidan. Ez nuen gaizki nintzelako utzi, baina egindako ibilbidea borobiltzeko ongi nengoenean utzi nahi izan nuen».

«Txipa aldatu eta aitzinera. Erabakiarekin ez naiz batere damutu»

Agurreko «zapore ona» bihotzean ekin zion bide berriari, «txipa aldatu eta aitzinera», eta hartutako erabakiaz «ez naiz batere damutu»: «Geroztik frontoira joaten naiz, baina ez dut jokatzeko beharrik sentitzen». Urteotan «behin bakarrik» aritu omen da erremontean: «mutiko batzuk frontoian ari ziren, eta pilotari bat falta zutelako eurekin aritzera sartu nintzen. Baina bertzela sekula ez naiz aritu. Erremontea arrunt gogorra da, agresiboa. Egunerokoan horretan ari bazara ez da sumatzen, baina utzi eta berriz hartzea arrunt gogorra da».

Bertzelako kirolek hartzen dute orain bere egunerokoa: «Mendira joatea gustatzen zait, lagunekin asteartetan palan jokatzea, bizikletan ibiltzea...». Bat ez bada bertze, «normalean goizero beti kirola egiten dut». Eta lanetik libre den gainerako momentuetan, «familiarekin egotea, lagunekin egotea, larunbatetan frontoira joatea...» gustatzen zaio, bere hitzetan, «bizitza normala egitea».

Erremontista zena komertzial bihurtua

Lana ere «bila etorri» zitzaiola aitortu du. Erremontea utzi aitzinetik hasi zen Bodega Iñurrietan komertzial lanetan: «Lan hori eskaini zidaten. Nik urte batez probatu behar nuela erran nuen eta hor gelditu naiz. Arrunt gustura nago lanean».

Gainera, neurri batean, «lehengo martxarekin segitzeko aukera» eman omen dio komertzial lanak: «Ni kanpoan hazi eta bizi izan naiz, beti jende aunitzekin egon naiz. Arrunt bizitza sozial zabala dut, eta lan honek bizitza hori egiteko aukera ematen dit».

Ez hori bakarrik. Erremonte garaiko «ilusioa» berreskuratu duela dio: «Erremontean ari nintzenean, gaztetako ilusioa ikaragarria zen, dena berria zen eta helburu eta ilusio aunitz nituen. Eta orain, lan honekin antzekoa gertatzen zait. Niretako dena berria da, eta kasik 50 urterekin ikuspuntua diferentea bada ere, ilusioz ari naiz, beti zerbait ikasten edo asmatzen». Lanean dena alde duela sentitzen du: «Ez dut fitxatzen, ez nago beti toki berean, ez da errutina bat. Badakit zer lan dudan, emaitzak eman behar ditut, baina hori nire gisa antolatzen ahal dut».


Etorkizunean ere hortxe ikusten du bere burua: «Dena ongi baldin badoa, hemen egonen naiz denbora aunitzez. Aunitzek erraten didate nire izaeragatik nire neurrira egindako lana dela. Arrunt berritsua naiz, jende artean egotea gustatzen zait eta lan honek hori ematen dit. Gainera, gastronomia mundua arrunt gustukoa dut». Familiaz ere ez da atzendu, eta «hiru seme-alabekin arrunt gustura» egoten dela kontatu du. «Nire ilusioak ditut familiarekin». Horrekin batera honela borobildu du: «Gustura bizi banaiz, zer gehiago eskatu behar dut?».

«Erremontearen garairik hoberenak pasatu ziren»

Erremonteari ere erreparatu dio, eta «kili-kolo» ikusten du, «baita koadro aldetik ere»: «Lehen frontoi batean denak elkarrekin aritzeko koadro justua zen, eta orain bitan banatuta, oraindik justuagoa». Bere irudiko, «erremontea aitzinera ateratzeko koadro indartsu bat sortu behar da, ahalik eta ikuskizun hoberena emateko». Alde horretatik, egoera «pixka bat nahasia» ikusten du, eta «publikoak izan duen beherakada izugarria berreskuratzea ere zaila» da bere hitzetan: «Erremontearen garairik hoberenak pasatu ziren, eta pixkanaka-pixkanaka, kristoren esfortzua eginez, aitzinera doa, baina momentu gogorra pasatzen ari dela uste dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun