Iruñerriko II. Erremonte Profesionaleko Txapelketa larunbatean abiatuko da Ezkabarten

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 7a, 13:00
Aurkezpenean, Otxandorena, Otano, Barricart eta Jabalera erremontistekin batera Erremonte fundazioko, enpresa babesleetako, txapelketa hartuko duten udaletako ordezkariak ageri dira.

Maiatzaren 14an Atarrabian jokatuko den finalerako txartelen bila bortz bikote lehiatuko dira: Uterga-Barricart, Zeberio II.a-Otano, Jabalera-Ion, Matxin III.a-Agirrezabala eta Otxandorena-Saldias

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Iruñerriko II. Erremonte Profesionaleko Txapelketa aurkeztu zuten apirilaren 6an, asteazken arratsaldean Atarrabiako San Andres errotan. Bortz bikote izanen dira lehian apirilaren 9an, larunbatean Ezkabarten abiatuko den txapelketan: Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Zeberio II.a eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarra eta Ion, Matxin III.a eta Agirrezabala eta Eloi Otxandorena doneztebarra eta Aimar Saldias oiztarra.

Denek denen kontra jokatuko dute ligaxkan, apirilaren 9an Ezkabarten, apirilaren 16an Zubirin, apirilaren 23an Uharten, apirilaren 30ean Antsoainen eta maiatzaren 6an Iruñean eta ligaxkako sailkapeneko bi lehenbiziko bikoteek jokatuko dute finala maiatzaren 14an Atarrabian.

Larunbat honetan Ezbakarten jokatuko den lehen jardunaldian, lehenbiziko partidan Matxin III.a eta Agirrezabala, Uterga eta Barricarten kontra ariko dira eta bigarren partidan, Zeberio II.a eta Otano, Otxandorena eta Saldiasen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun