LUISMI APEZETXEA

«Adinak dakarren gaitasun galera konpetitzeko grinarekin konpentsatzen dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 26a, 10:00

Luismi Apezetxeak Erreka eskubaloi taldeko atea zaintzen segitzen du 52 urterekin, «gogoz eta ilusioz».

Luismi APEZETXEA LIZASO, Erreka eskubaloi taldeko 52  urteko atezaina

52 urterekin Erreka eskubaloi taldeko atea zaintzen segitzen du Luismi Apezetxea Lizasok (Doneztebe, 1970). Aurten ere txapeldunen faserako sailkatzea lortu du Doneztebeko taldeak, baina, lehen partidan liderrari irabazi arren, ez du lauko finalerako sailkatzeko aukera handiegirik. Halere, gustura ageri da Apezetxea taldearen ibilbidearekin eta bere esperientzia partekatzen segitu nahi du jokalari gazteekin.

52 urte eta oraindik Errekan atezain… Zein da sekretua?

Fisikoki ongi nago oraindik eta beti gustatu izan zait eskubaloia. Fisikoki ongi bazaude denetatik egin daiteke. Eskubaloian OHOko zazpigarren mailan ginenean hasi nintzen, 12-13 urterekin, gero jubeniletan eta gero seniorretan. Horrela aritu nintzen 30 urte bete arte, 2000. urtera arte. Orduan gazte jende aunitz hasi zen eta erretiroa hartu genuen, adina, familia, lana… Hamaika urtez eskubaloia alde batera utzi nuen, baina 2011n bi laguni aipatu zieten entrenatzaile lanean hasteko eta beraiekin batera hasi nintzen ni ere entrenatzaile. Baina atezain eskasia zela eta, proba egin eta berriz ere atezain hasi nintzen. Urte hartan final four jokatu genuen. Urte hartan, 41 urterekin, mendian lesio handia izan nuen, egurra eginez hanka lehertu nuen, kanpoko lotailua eta lotailu gurutzatua xehetu nituen. Bi urte gosta zitzaidan ongi errekuperatzea. Berriz ere 2018an bueltatu nintzen atepera, pandemiaren aitzinetik. Orduko atezainetako bat atzerrira joan zen ikastera eta bertzea bertze klub batera. Ez zegoen atezainik eta mesede hori egiteko galdetu zidaten. Proba egin eta bueltatu ginen. Urte zailak izan dira baina hor segitzen dugu.

Ez da erraza izanen eskubaloia familiarekin eta lanarekin uztartzea…

Seme-alabak handitu dira eta alde horretatik errazagoa da. 2000. urtetik Goizuetako botikan lan egiten dut 17:30 arte eta egunero egiten dut joan-etorria, baina halere ongi moldatzen naiz entrenatzeko. Arazorik gabe.

Beteranoagoa bai, baina zer gehiagotan aldatu da Luismi Apezetxea atezaina…

Adinak ez du barkatzen eta gehien bat flexibilitatea galdu dudala sumatzen dut. Erreflejoak ere zertxobait galdu izanen ditut, baina bertze gauza batzurekin konpentsatzen dut. Batez ere, beti arras konpetitiboa izan naiz, gogo eta ilusio aunitz jartzen dut eta behin apuntatuz gero, horrela izan behar du gainera. Gustura nabil. Bai taldekideak baita kontrarioak ere semeak izan zitezkeen eta alde horretatik, aita papera egitea ere suertatzen zait batzutan. Oraindik 40 urte ingurukoren bat bada, eta duela urte batzuk Anaitazarra taldean 60 urtetik goitiko bat bazen, partida osoan jokalari aritzen zena. Atezainek errazagoa daukagu.

Luismi Apezetxea taldekideekin, lehen faseko azken partida irabazi ondotik.

 

Errekako harrobitik Niko Mindegia edo Ibai Meoki bezalako jokalariak atera dira azken urteetan… Lan handia dago gibelean?

Eskubaloi afizio handia dago eta jende aunitzek jokatzen du eskubaloian Donezteben. Lehen futbolik ez zen eta jende guztia aritzen zen eskubaloian, orain zailagoa da. Hain herri ttiki batetik Niko, Ibai edo Oier Berasategi bezalako jokalariak atera izana harrotzeko modukoa da. Ikusten ez den itzaleko lan handia dago hor gibelean. Ni ez naiz maila horretara ailegatzen, gehienez ere, Nafarroako selekzioarekin aritu nintzen gaztea nintzenean.

«Itzaleko lan handia egiten du Errekak eskubaloian»

Txapeldunen faserako sailkatzea lortu duzue aurten ere, baina zail izanen duzue lauko finalean sartzea…

Lehen partidan liderrari irabaztea lortu arren, lehen fasean puntu gutti pilatu genituen eta ia ezinezkoa dugu final four horretan sartzea. Lehen fase hasieran jokalari guttirekin hasi ginen eta kosta egin zitzaigun. Gero, Eguberrietan, taldea utzia zuten hiru jokalari bueltatu ziren eta hortik aitzinera jokoan, batez ere defentsan, eta emaitzetan ere hobetu dugu. Bigarren zati ona egin genuen eta txapeldunen fase honetan, inolako presiorik gabe ongi jokatzen hasi gara, baina egia da ia ezinezkoa dugula lauko finalera sartzea. Ditugun lau partidak irabazten saiatuko gara, lehenbizikoa egin dugu eta eskubaloian arituz ongi pasatzera.

Eskubaloian ez ezik, laxoan ere urte emankorrak egin zenituen eta hainbat txapel lortu zenituen Donezteberekin…

Hamabortz txapel irabazi genituen denera. 1985. urtean irabazi nuen lehen txapela, hamabortz urte nituela eta 2008. urtean erretiratu ginen, 38 urterekin, orduan ere txapela lortuz. 23 urtez laxoan aritu nintzen eta oroitzapen arras onak ditut. Bizi osoko kuadrillarekin, hiru lagunminekin lortu nituen txapelak eta gustura. Geroztik, berrikiago noizbait jantzi izan dut guantea, batez ere laxoa ez galtzeko helburu horretan. Hor bai nabari da kualidadeak galtzen dituzula, nik bistan sumatu nuen gehien bat, pilota ezin ongi ikusi, erreflejoak…

Laxoatik erremonterako urratsa ere ematen dute batzuk…

Nik ez dut erremontea probatu, ikasketak zirela eta. Nirekin laxoan aritzen zen Peio Iribarrenek bai egin zuen, baina hark dohai izugarriak zituen.

Bertzerik…

Gehien bat familiari eskerrak eman, inoiz ez didatela aitzakiarik jarri eskubaloian jokatu ahal izateko, eta, batez ere, Erreka elkarteari eskerrak eman, itzalean egiten duen lan izugarriagatik. Niretzako dena izan da Erreka, bertze familia handi bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun